1950 eta 1968 urteen artean Azkoitian ateratako argazki ugari ikus daitezke Torre Zuri erakustokian: ezkontzetan hartutako irudiak, hiletetakoak, herritarrak Kontzejupean pilotan ageri direnak, haurrak moto gainean jarrita azaltzen direnak, paisaiak... Josu Arroitajauregik (1923-2007) egindako argazkiak dira guztiak; hura izan zen urte luzez Azkoitian izan zen argazkilari profesional bakarra, eta lehen aldiz, herritarrentzat ikusgai jarri dituzte haren irudiak. Imanol Mujika Azkoitiko Udaleko artxibozaina arduratu da erakusketa antolatzeaz, Jose Valderrey argazkilari eta ikerlariarekin elkarlanean. Lan horren emaitza da Azkoitiko estanpak 1950-1968 erakusketa.
Azkoitiko Udalak 1997an erosi zuen erakusketako argazkien negatibo bilduma, Juan Bautista Mendizabalen ekimenez. Urteetan udal artxiboan gordeta egon da bilduma hori, eta duela hiru urte, negatibo horiek antolatzen hasi ziren Mujika eta Valderrey. Bilduma 200 bat mila negatibok osatzen dute, eta horietatik 175 irudi inguru erreskatatu dituzte erakusketarako. Mujikaren arabera, aukeraketa ez da erraza izan, baina "bai maitasunez eta errespetuz eginikoa". Irudiez gain, 1920. hamarkada baino lehenagoko kamera bat eta negatiboak tratatzeko makina ikus daitezke erakusketan.
Arroitajauregiren argazkien kontserbazioa bermatzeaz gain, horiek herritarren eskura jartzea nahi izan du bikoteak. "Edozein bildumak, eta are gehiago herriarena izanik, zabalkundea ere izan behar du bere helburuen artean, eta horretara dator erakusketa hau", adierazi du Mujikak. Hala ere, eginbeharrak ez direla amaitu azaldu du, eta datozen urteetan ere lanean jarraituko dutela.
Azaroaren 18ra arte zabalik
Atzo inauguratu zuten erakusketa, eta bertan izan zen Javier Zubizarreta alkatea. Haren arabera, "polita" gelditu da erakusketa, eta ziur dago "arrakasta" izango duela, "garai bateko jende asko" azaltzen delako irudietan. Azaroaren 18ra arte bisitatu ahal izango da erakusketa, ostegunetik igandera bitartean. Ostegunetan eta ostiraletan 18:00etatik 20:00etara zabalduko dute, larunbatetan eta jai egunetan 12:00etatik 14:00etara eta 18:00etatik 20:00etara, eta igandeetan, 12:00etatik 14:00etara.
Erakusketako argazkiren bat eskuratu nahi izanez gero, horretarako aukera izango dute herritarrek: argazkiaren erreferentzia zenbakiarekin artxiboa@azkoitia.eus helbidera idatziz gero, formatu digitalean jasoko dute irudia.
Hona hemen erakusketaren inaugurazioan hartutako irudiak:
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide