Disko-liburuaren aurkezpeneko irudia. (Argazkia: Maxixatzen)
Anjel Larrañaga (Azkoitia, 1947) bertsolari eta pandero jotzailearen
Lana festa bihurtuz liburua eta diskoa aurkeztu dituzte gaur goizean, Azkoitiko Urrategi auzoko elkartean. Besteak beste, Kupela taldean egindako ibilbideagatik da ezaguna musikaria. Larrañaga bera, Joxean Agirre liburuaren idazlea eta Marta Agirrezabala Lankuko koordinatzailea izan dira aurkezpen ekitaldian, bertso eta trikiti munduko beste hainbat lagunekin batera. "Orain arte egindako lanak merezi izan du hauxe ikusteagatik bakarrik; portatu zarete eta eskerrik asko denoi", adierazi du Larrañagak.
"Azken urteetan lana nola borobildu galdetzen nion neure buruari. Garaiak asko aldatuta daude, eta diskoak ez dira lehen bezala argitaratzen", azaldu du protagonistak. "Doinu eta letra batzuk nituen gordeta azken diskorako, eta zerbait berria sortzen nuenean beti pilatu egiten nituen", gehitu du. Azkoitiko eta Azpeitiko Udalek eta Eusko Jaurlaritzak lagundu dute liburua eta diskoa argitaratzen.
Lau zatitan banatu du lana idazleak. Lehen zatian, testuingurua markatzeko Andoni Egañari eta Anjel Valdesi egindako elkarrizketak ageri dira. Larrañagak kanturako edo dantzarako bertsoak egiteko dituen teknikak azaltzen ditu Egaña bertsolariak; Valdesek, berriz,
Kupela fenomenoa nola sortu zen aztertu du. Liburuaren bigarren zatian, Larrañagaren bizipenak kontatu ditu idazleak. Mendizabal baserrian jaio zen protagonista, eta bertako giroa jaso dute liburuan. Haurtzaroko, etxeko eta bizitzako eszenak ageri dira liburuan, bertso eta trikiti munduko egoerez gain. Liburuaren hirugarren zatian, berriz, ingurukoen iritziak jaso dituzte. Agurtzane Elustondo Euskal Herriko Trikitixa Elkarteko lehendakaria, Tomas Soraluze
Epelde eta Xabier Alberdi
Zabale dira liburuko iritzi emaileak, Larrañagaren trikiti mundua ulertzeko ezinbesteko musikariak. Azken zatian, Larrañagak orain arte argitaratutako bederatzi diskoen bertsoak eta letrak jaso dituzte
Argitalpena salgai
Liburua eta harekin batera datorren diskoa salgai daude dagoeneko. Ohiko liburu dendetan, Tirikitrauki musika dendan, Azpeitiko Meola tabernan, Aristerrazun (Aia) eta Markinako Zubiondo tabernan eros daitezke, 22 eurotan. Bestalde, jakinarazi dute Azpeitiko Sanagustin Kulturgunean
Oholtzan saioa grabatuko duela Euskal Telebistak azaroaren 3an, 22:30ean. Azken diskoko doinuak eskainiko dituzte agertokian, besteak beste. Azaroaren 24ean eskainiko ditu Euskal Telebistak Azpeitian hartutako irudiak.