Gurutz Larrañaga azkoitiarrak leporatzen zaizkion ardurak ukatu ditu 'De Miguel auziko' saioan

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko urr. 25a, 11:51

Azkoitiarra Kultura eta Gazteria sailburuorde izan zen Juan Jose Ibarretxeren gobernuan. Fiskaltzak 17 urteko espetxe zigorra eskatzen du harentzat, Alfredo De Miguel EAJko buruzagi ohiak ustez gidatzen zuen enpresa sare ustelari mesede egitea leporatuta. Larrañagak ukatu egin zituen atzo, leporatzen zaizkion ardurak.

Eusko Jaurlaritzako goi kargu izandako Gurutz Larrañaga azkoitiarrak De Miguel auziko atzoko saioan deklaratu zuen. Juan Jose Ibarretxeren gobernuan Kultura eta Gazteria sailburuorde izan zenak fiskaltzaren eta abokatuen galderei erantzun zien, eta Larrañagak ukatu egin zituen leporatzen zaizkion ardurak. Fiskaltzak 17 urteko espetxe zigorra eskatzen du harentzat, Alfredo De Miguel EAJko buruzagi ohiak ustez gidatzen zuen enpresa sare ustelari mesede egitea leporatuta. Kultura eta Gazteria Sailak De Miguelen ustezko sare ustelari esleitutako hogei kontratu ingururi buruz galdetu zion fiskalak Larrañagari. 2006 eta 2009 urteen artean Kataia, Errexal eta Ortzi Muga enpresei zuzenean esleitutako kontratuez hain zuzen ere, eta kasu gehienetan ez dago kontratuan jasotakoa bete izanaren frogarik. Larrañagak saioan azaldu zuenez, bera "orri soil bat" sinatzera mugatzen zen, kontratuan jasotzen zen gastua baimentzeko, eta haren arabera, prozedimendu osoaren hasiera besterik ez zen hori. Sailburuorde ohiak gaineratu zuen kontratuaren proposamena, enpresen hautaketa eta hitzartutakoaren jarraipen eta kontrola Gazteria zuzendaritzaren ardura zela. Sailburuordetzak eta haren menpeko lau zuzendaritzek era horretan lan egiten zuten, Larrañagaren esanetan. Berak prozedura horrekiko eta lantaldearekiko konfiantza zuela nabarmendu zuen. Informazio gehiago, Berria.eus-en.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide