Jon Alberdi pilotaria.
Iritsi da egun handia. Gaur egingo du profesionaletan debuta Jon Alberdi (Azpeitia, 1999) pilotariak. Jon Ander Albisurekin batera, Oinatz Bengoetxearen eta Alvaro Untoriaren aurka jokatuko du neurketa, Izarraitz pilotalekuan. Aurrez, 22:00etan, Artolak eta Arteagak lau eta erdiko partida jokatuko dute, eta Alberdiren neurketaren ostean, Victorrek eta Lasok jokatuko dute. Hiru partidak zuzenean ikusi ahal izango dira ETB1en eta
eitb.eus helbidean.
Gaurkoa partida "oso gogorra" izango dela aurreikusten du Alberdik; izan ere, 2015ean Bengoetxeak eta Untoriak irabazi zuten Binakako Txapelketa, besteak beste. Dena den, "ahalik eta ondoen eta lasaien" jokatzen saiatuko dela azaldu du pilotariak. "Aurkariek deskuidoren bat egiten baldin badute, horixe aprobetxatzen saiatuko gara. Irabaztera joango gara".
Duela gutxi berritu dute Izarraitz pilotalekua, eta debuterako leku "oso egokia" dela uste du Alberdik. "Lurra egokitu egin dute, eta frontoia ederra dago jokatzeko. Lekuari dagokionez, ez dago aitzakiarik".
Etxean debutatzea "polita" izango dela dio pilotariak. "Kuadrillakoez gain, gertuko jende dezente joango da frontoira, eta alde horretatik, Azpeitian jokatzea ederra izango da. Uste dut giro ona egongo dela. Beti oroituko dudan eguna izango da gaurkoa, eta disfrutatzen saiatuko naiz".