Azkoitian jokatuko dituzte lau eta erdiko Emakume Master Cup-en finalak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko ira. 25a, 16:34

Eneritz Arrieta azkoitiarrak Lehen Mailan jokatuko du, iaz Promozio mailan txapela jantzi ondoren. Gaur aurkeztu dute txapelketa eta parte hartu nahi duten pilotariek urriaren 7a arte eman dezakete izena.

Eneritz Arrieta iazko txapelarekin, Maite Iriarte txapeldunorde azpeitiarrarekin. (Emakume Master Cup) Azkoitian jokatuko dituzte aurten lau eta erdiko Emakume Master Cup txapelketaren finalak. Gaur aurkeztu dute buruz buruko pilota txapelketaren bigarren edizioa. "Iazko finalek Sopelan izandako arrakastak bultzatuta", bigarren edizioarenak Gipuzkoan egitea erabaki dutela azaldu dute antolatzaileek, "Azkoitia bezalako pilota tradizio handiko herri batean" antolatuko dituztela gaineratuta. Finalaurrekoak, berriz, Amezketan jokatuko dituzte. Ez finalaurrekoen eta ez finalen datak ez dituzte zehaztu oraindik, baina aurreratu dute bi jaialdiak zuzenean emango dituela ETB1ek. Sailkatze fasea, berriz, oraindik zehazteke dauden Bizkaiko zenbait herritan jokatuko dute aurten. Arrieta, Lehen Mailan Aurreko edizioan bezala, bi mailatan banatuko da txapelketa, Lehen Maila eta Promozio maila. Parte hartze librea izango du txapelketak; nahi duten emakumeek dute izena emateko aukera www.emakumemastercup.eus webgunean, eta horretarako epea urriaren 7an itxiko da. "Oraindik ere buruz buruko lehiaketetan izena ematea gehiago kostatzen den arren", iazko kopuruetan ibiltzea espero dute antolatzaileek; 80 pilotari lehiatu ziren lehen edizioan. Horietako bat izan zen Eneritz Arrieta; Promozio txapelketa irabazi zuen azkoitiarrak, eta aurten Lehen Mailan lehiatuko dela aurreratu dute aurkezpenean. Orain arteko Emakume Master Cup txapelketetan puntan ibili diren beste hainbat pilotari ere ariko da aurtengo lau eta erdikoan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide