Joseba Diaz atleta.
Joseba Diazek (Azkoitia, 1985) Euskal Herriko Kilometro Bertikalen Txapelketa irabazi du. Asteburuan lortu zuen balentria, Uharte Arakil-Beriain X. Kilometro Bertikalean bigarren eginda. Anaitasuna Mendi Bazkunako eta Xeye atletismo taldeko kideak absolutuen txapela eta 23 urtez azpikoena jaso zituen.
Euskal Herriko Kilometro Bertikalen Txapelketako azken proba izan zen zapatuan Uharte-Arakilen eta Belaguan jokatutakoa, eta azkoitiarrak 42 minutu eta 03 segundo behar izan zituen bost kilometroko eta 1.023 malda positibodun proba bukatzeko. Lasterketa Iban Murua elgoibartarrak irabazi zuen ibilbidea 41 minutu eta 37 segundotan bukatuta, baina federatu gabe dago kirolaria eta Diazek eskuratu zuen txapelketa.
Denboraldian zehar emaitza oso onak lortu ditu azkoitiarrak hainbat probatan, eta hark UROLA KOSTAKO HITZAri adierazi dionez, irabaztea ez, baina "espero" zuen lehen hiru kirolarien artean sartzea, aurreko asteetan bi proba irabazita zegoelako. Hain zuzen ere,
Belagua Bertikala eta Intza-Truntturre Kilometro Bertikala irabazi zituen. Azkoitiarra "gustura" dago Euskal Herriko Kilometro Bertikalen Txapelketa irabazita: "Euskal Herrian mendi lasterketetan dagoen maila altua ikusita, gustura eta harro egotekoa da lortutako emaitza".