Dagoeneko eman daiteke izena Mangaixue mendi bizikleta martxan

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko abu. 31a, 15:32

Iazko Mangaixue martxako irudi bat. (Hitza) Anaitasuna Mendi Bazkunako talde batek antolatuta, Mangaixue mendi bizikleta martxa egingo dute irailaren 15ean, Azkoitian, eta dagoeneko eman daiteke izena proban. Hain zuzen ere,  Kirolprobak.com helbidean eta Azkoitiko Uhaitz kafetegian dago horretarako aukera, irailaren 13ra bitartean. Guztira, 300 lagunek parte har dezakete proban, eta martxaren egunean plaza guztiak bete gabe baldin badaude, egunean bertan ere izango da izena emateko aukera. Federatuek hamar euro ordaindu beharko dute izen-ematea, eta federatu gabeek hamahiru euro. 14 urtetik gorako edozeinek parte har dezake Mangaixue martxan, baina adin txikikoek heldu batek lagunduta joan beharko dute. Bi ibilbide izango ditu martxak: luzea, 33 kilometrokoa; eta, laburra, 25 kilometrokoa. Antolatzaileek azaldu dutenez, iazko antzeko ibilbideak izango dira distantziari eta desnibelari dagokienez, baina aldaketaren bat izango dute. Txirrindulariak 15:15ean abiatuko dira, Plaza Berritik. Jatekoa nahiz edatekoa jarriko dituzte antolatzaileek, eta martxaren amaieran, hainbat zozketa egingo dute. Martxaren hirugarren edizioa izango da aurtengoa, eta antolatzaileek ez dela lasterketa bat gogorarazi dute. “Helburua ez da lehia bultzatzea, bizikletan ibiltzea sustatzea eta jendeak inguruko bazterrak ezagutzea baizik, herrian leku politak daudelako”. Martxan ahalik eta jende gehienak parte hartzea nahi dute antolatzaileek. Iaz 212 lagunek parte hartu zuten proban.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide