Floreaga auzoko hondakin organikoen edukiontzi bat. (Ihintza Elustondo)
Hondakinak sailkatzerakoan arazoak izaten ari dira Azkoitiko zenbait lekutan. Urola Erdiko Mankomunitateak jakinarazi duenez, bilketa zerbitzuko arduradunen ohar bat jaso dute, hondakin organikoak biltzeko edukiontzietan baimendutakoa (%5) baino hondakin desegoki gehiago jaso dituztela esanez. Horren aurrean, zenbait ikuskapen egitea erabaki du mankomunitateak, arazoa zenbateiranokoa izan daitekeen ikusteko.
Hain zuzen ere, uztailaren erdi aldean jaso zuen abisua mankomunitateak, eta hil horren amaieran zenbait ohar jartzen hasi ziren Azkoitiko edukiontzietan. Hondakinak gaizki bereizita jaso dituzten ontzietan jarri dituzte oharrak, herritarrei egoeraren berri emateko helburuarekin. Kartel horien arabera, 60 eta 2.000 euro arteko isuna jaso dezakete hondakinak behar bezala bereizten ez dituzten herritarrek. Mankomunitateak adierazi duenez, Floreaga eta Altzibar inguruan jarri dituzte oharrak, besteak beste. Honakoa diote ohar horiek:
Organikoen kasuan, edukiontzi bakoitzean bildutako hondakinen %5 izan daitezke gehienez hondakin desegokiak, bereizte plantan onar ditzaten. Hondakin desegokiek kopuru hori gainditzen badute, errefusarekin nahasten dituzte hondakinak. Hori gerta ez dadin erabaki du mankomunitateak kartelak jartzea edukiontzietan, "prebentzio" gisa.
Mankomunitateak azaldu duenez, irailean jarraipena egingo dute Azkoitian, egoera hobetzen ote den ikusteko. Momentuz, ohar informatiboak jarri dituzte soilik, baina ikuskapenetan ikusitakoaren arabera, erabakiko dute "neurri zehatzagoak" hartzea beharrezkoa ote den.