Ainara Sarasketa azkoitiarrak Jaizkibel konpainiaren Hondarribia Berdintasunaren Hiria saria jasoko du

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko abu. 16a, 16:49

Euskal Herriko Batukada Feministaren sortzaileetakoa delako jasoko du saria azkoitiarrak, Arantxa Vicedorekin batera. Jaizkibel konpainiak banatzen duen sariaren laugarren edizioa izango da aurtengoa, eta Sarasketari eta Vicedori aitortza egingo diete "duela urte gutxira arte gizonezkoena zen gune bat emakumeentzat ere zabaldu dutelako".

Ainara Sarasketa azkoitiarra Batukada Feministaren sortzaileetakoa da. (Jaizkibel konpainia) Euskal Herriko Batukada Feministaren sortzaileetako bik jasoko dute aurtengo IV. Hondarribia Berdintasunaren Hiria saria. Ainara Sarasketa azkoitiarra da horietako bat, eta harekin batera eskuratuko du saria Arantxa Vicedok. Jaizkibel konpainiak jakinarazi duenez, hainbat arrazoigatik emango diete saria bi emakumeei, hala nola duela urte gutxira arte gizonezkoena zen gune bat emakumeentzat zabaldu dutelako. Duela zazpi urte sortu zuten Batukada Feminista Sarasktak eta Vicedok, eta urteotan "jai giroa sortzeaz gain emakumeei boza, ahalmena eta alaitasuna" eman dizkiotela esan du Jaizkibelek. 2015 urtean sortu zuten Hondarribia Berdintasunaren Hiria Saria, "emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde lan egin duten pertsonak edo erakundeak" aintzat hartzeko. Jaizkibel konpainiak gogorarazi duenez, parekidetasunaren alde lan egiten dutenei onarpena egitea eta Alarde Egunean zabaltzen den irudia aldatzea dira Hondarribia Berdintasunaren Hiria sariaren helburuak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide