Emakumea da protagonista aurtengo erakusketan. (Juan Luis Romatet)
Zumaiako XXX. Argazki Lehiaketara aurkeztu diren 36 argazki onenak biltzen dituen erakusketa zabaldu dute Alondegia kultur etxeko Oxford aretoan. Bertan ikus daitezke, nola ez, lehiaketan sarituak izan diren lanak.
Urteurren berezia zela eta, lehiaketako antolatzaile den Distira argazki elkarteak oinarriak aldatu zituen, eta modu digitalean bidalitako argazkiak ere onartu ditu aurten. Eta horrek eragina izan du parte hartze kopuruan. Izan ere, hirukoiztu egin dela nabarmendu dute antolatzaileek. Goi mailako kalitatea mantentu dela ere azpimarratu dute.
Teknologia aldatuko bada ere, lehiaketaren izaera mantendu egin dute: zuri-beltzezko irudiekin hartu behar izan dute parte argazkilariek. Aurtengo gaia emakumea izan da, eta haiek dira argazkietako protagonistak.
Guztira, 109 argazkilariren 327 lan jaso dituzte, eta epaimahaikideen erabakiz, Oscar Manso Navas argazkilari gasteiztarraren Hope lana izan da onena. Bigarren saria Luis Leandro Serranok irabazi du Eva con velo lanarekin, eta hirugarrena Pili Garcia Pitarchek Tea transport X lanarekin. Zumaiar onenarena, berriz, Juan Ramon Llavorik irabazi du Duong Lam irudiagatik.
Antolatzaileek aukeratutako lehiaketako lanik onenak abuztuaren 14a bitartean ikus daitezke, Oxford aretoan, egunero, 18:30etik 20:30era.