Sidenorreko ELA eta LAB: "Aurreakordio negargarria sinatu dute CCOO, UGT eta USO sindiatuek"

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko uzt. 25a, 15:00

Bi sindikatu horientzat "lotsagarria" izan da azken asteotan Azkoitiko Sidenor enpresan pasatutakoa, oporren atarian negoziatu baitute hitzarmena. ELAren eta LABen ustez, bi sindikatuak negoziaziotik kanpo uzteko egin dute mugimendu hori. ELA eta LAB sindikatuentzat "enpresaren neurrira" egindako aurreakordioa da erdietsi dutena.

Sidenorren Azkoitiko lantegia. (Ana Abarisketa) CCOOk, UGTk eta LSB-USO sindikatuek bost urterako hitzarmen kolektiboaren aurreakordioa lortu dute Azkoitiko Sidenor enpresako zuzendaritzarekin, eta ELAk eta LABek "negargarritzat" jo dute lortutako akordioa. Izan ere, bi sindikatu horientzat "lotsagarria" izan da azken asteotan Azkoitiko Sidenor enpresan pasatutakoa. "Oporren atarian geundenean erabaki zuten CCOOk, UGTk eta LSB-USOk enpresarekin batera negoziazio mahaia irekitzea". ELAren eta LABen ustez, bi sindikatuak negoziaziotik kanpo uzteko egin dute mugimendu hori, baita langileen asanblada kanpoan uzteko ere. "Negoziazioak urte bukaeran hasi behar luke berez, baina astebetean, oporren atarian, dena bukatu dute". Sidenor enpresako Langileen Batzordean hiruna ordezkari dituzten ELA eta LAB sindikatuentzat "enpresaren neurrira" egindako aurreakordioa da erdietsi dutena: "Bost urtean enpresak nahi duena egiteko libre izango ditu eskuak". Bi sindikatuek diote aurrejubilazioak "garrantzitsuak" direla "argi" dutela, baina enpresak eta sindikatuek aurrejubilazioak gainerako langileei "eskubideak kentzeko trukeko txanpon" bezala erabiltzen dituztela salatu dute. "Ezin dena ukatu da enpresarentzat ere onuragarriak direla aurrejubilazio horiek, baina CCOOk, UGTk eta LSB-USOk inondik inora ez dute helburu izan langileen eskubidean bermatzea, eta horren erakusle da aurreakordioa". Bestalde, ELAk eta LABek salatu dute KPIaren erreferentziarik gabe aplikatuko dituela enpresak soldata igoerak, eta sindikatu horien arabera, horrek esan nahi du "langileen eros ahalmena ez dela bizitzaren garestitzearen arabera igoko". Horrez gain, ELAk eta LABek esan dute langileen %15i kontratu mugagabea egitea "garaipentzat" jo dutela gainerako sindikatuek, baina azaldu dute bost urtean bederatzi langile baino ez dituztela finko egingo esan nahi duela horrek. Bi sindikatuentzat "lotsagarria" da neurri hori, 80 lagundik gora jubilatuko direla kontuan hartuta. ELAren eta LABen arabera, lan baldintzak hobetzeko dituzten beharren zerrenda "amaigabea" da, eta CCOOk, UGTk eta LSB-USOk ez dute "zirkiƱik ere egin" behar horiek mahaiaren gainean jartzeko eta lan baldintzak hobetzeko. "Langileok momentu honetan ordutegiarekin dugun malgutasunak faktura ikaragarria pasatu ditu, eta gaineta, lanerako ordu gehiago sartu dizkigute", azaldu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide