Ostiralean hasiko da Zumaiako 47. Dinastia Etxabe pilota txapelketa

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2018ko uzt. 25a, 09:58

40 pilotarik parte hartuko dute aurtengo pilota txapelketan, horietatik erdia gipuzkoarrak dira. 23 urtez azpikoen eta gazte mailako partidak izango dira

Iazko irabazleak, antolatzaileak eta Etxabe familiako kideak. (Arritxu Salegi) Ostiralean hasita, 47. Dinastia Etxabe pilota txapelketako partidak jokatuko dira, azken urteotan bezala, Zumaiako Aitzuri frontoian. 23 urtez azpikoen final zortzirenak jokatuko dira aurrena, bi jardunalditan banatuta. Ondorengo norgehiagokan gazte mailako partidak ere jokatuko dira. Zumaiako udarekin lotura estua duen pilota txapelketa da Dinastia Etxabe. 1971. jokatu zen lehen aldiz eta ordutik, 1981. urtean izan ezik, urtero jokatu izan da. Hasieran Zumaiako Odieta frontoian jokatzen zen, baina hura eraitsi zutenean, eta Zumaiak une hartan beste frontoi estalirik ez zuelako, Zestoan jokatu zen hainbat urtetan. Azken hiru urte hauetan Zumaiako Aitzuri frontoi luzean jokatu dira partidak. Aldaketak izan ditu txapelketak, eta ez frontoietan bakarrik. Sorreratik 1987. urtera arte pala motzean eta eskuz jokatu ziren partidak, eta beteranoek ere lehiatzeko aukera izaten zuten. Bi modalitate horiek 2007ra arte jokatu ziren, baina azken bi hamarkadatan beteranorik gabe. Azken 11 edizioetan, aldiz, eskuzko partidak bakarrik jokatu dira: afizionatu mailakoak alde batetik, eta gazte-jubenil mailakoak bestetik. 40 pilotari arituko dira nor baino nor aurtengo txapelketan: gazte-jubenil mailako 16 eta 23 urtez azpiko 24 pilotari dira. Orokorrean, berriz, 21 gipuzkoarrak dira, nafarrak bederatzi, bizkaitarrak zortzi eta arabar eta errioxar bana. Etzi eta datorren ostegunean, abuztuaren 2an, 23 urtez azpikoen final zortzirenak jokatuko dira. Lau irabazleak final laurdenetara igaroko dira, eta han zain izango dituzte beste lau bikote. Final laurdenetan hasiko dira lanean gazte mailako pilotariak. Final laurdenak abuztuaren 6an, 9an, 13an eta 14an jokatuko dira, finalaurrekoak abuztuaren 20an eta 23an, eta finala abuztuaren 30ean. Jardunaldi guztiak 22:00etan hasiko dira, Aitzurin. Lehen norgehiagokak Etzi neurtuko dira: Zubiria-Olaizola Jon Alberdi-Zezeagaren aurka, eta jarraian, I. Egiguren-Sanchez Exposito-Irazustabarrenaren kontra. Final zortzirenetako eta final laurdenetarako sarrerek 6 euro balioko dute. Finalaurrekoetan sarrerak 7 euroan salduko dira eta finalekoak 9 euroan. Txapelketa osorako bono bat ere erosi ahal izango da 32 euroan. Prezioak pixka bat igo egin dira iaztik, baina pilotarien dieten igoera estaltzeko da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide