Gorka Zubizarreta, ezkerretik hirugarrena. (Anaitasuna)
Gorka Zubizarreta (Azkoitia, 1994) izango da Azkoitiko Anaitasuna futbol taldeko
nesken lehen taldeko entrenatzailea. Taldeak Emakumezkoen Euskal Ligan jokatuko du 2018-2019 denboraldia, joan den maiatzean
mailaz igotzea lortu ondoren.
Nolatan onartu duzu Anaitasuna futbol taldeko nesken lehen taldeko entrenatzaile postua?
Iazko denboraldian, Ohorezko Kadete Nesken taldean lagundu nuen. Talde horreatik asko, lehen taldera igaro dira, eta proiektuarekin jarraitzeko bidea zen.
Zeintzuk izango dira denboraldiko erronkak?
Dudan ezagutzarekin, ahalik eta gehien ematen saiatuko naiz. Hala ere, helburu nagusia nesken futbola indartzen segitzea izango da, eta iazko lanari jarraipena ematea. Zale gehiago partidak ikustera etortzea ere erronka izango da, eta ondoren, ahal bada, emaitza onak lortzea.
Lehenbiziko entrenamenduak egin dituzue. Nola ikusten duzu taldea?
Momentuz, oso ondo. Taldea zein entrenatzaileok gogoz gaude. Hamazazpi neska ari dira entrenatzen, batzuk oraindik oporretan baitaude. Irailaren 9an izango dugu lehen partida, eta sentipen onak ditugu.
Aurreko denboraldian mailaz igo ziren Anaitasunako neskak. Eragina izan al du taldea osatzerako orduan?
Iazko taldetik bi baja izan ditugu; bat Realak fitxatu du, eta besteak futbola utzi du. Kadete taldetik igo direnekin beteko ditugu hutsune horiek, eta talde osoa Azkoitiko neskez osatutakoa izango da.