Hainbat tabernari ikastaroan. (Azkoitiko Udala)
Azkoitiko tabernariek zerbitzu arduratsuaren inguruko ikastaroa egin dute aste honetan. Saioaren helburua da ostalaritzako langileei jokabide protokoloak ezagutaraztea, alkoholaren eta gainerako drogen kontsumo arriskuak murrizteko eta joera osasuntsuak sustatzeko. Egitasmoa Azkoitiko Udalak antolatu du, prebentzio alorrean egiten ari den lanketaren barruan, eta erakundearen arabera, tabernariek prestutasun osoz parte hartu dute ikastaroan.
Sei tabernatako kideek egin dute formakuntza saioa: Atraskua, Zurt, Latz, Zakela, Txalintxo eta Batzokiko taberna. Ikastaroa Sare Pagazaurtunduak zuzendu du, eta, besteak beste, indarrean dagoen legediaz, alkohola eta drogak nahasteak sor ditzakeen arriskuez, gehiegi edan duten bezeroen aurrean erabil daitezkeen estrategiez eta botikinean eduki daitezkeen produktuez aritu ziren hizketan.