Mailu Irizarrek eta Ixabel Jauregik botako dute aurtengo Andramari jaiei hasiera emango dien txupinazoa. Udal Kultur batzordean hartu zuten erabakia atzo, eta alderdi politiko guztietako ordezkariek eman zuten proposamenaren aldeko boza. Bi protagonistei jada jakinarazi die udalak erabakia, eta erakundeak azaldu duenez, "pozik eta harriduraz" hartu dute proposamena Irizarrek eta Jauregik. Biak irakasleak dira: Jauregi oraintsu jubilatu bada ere, Xabier Munibe Ikastolako irakaslea izan da urteetan; Irizarrek, berriz, Floreaga Ikastetxean egiten du lan.
Udalaren arabera, "merituak soberan" dituzte bi emakumeek; izan ere, hezkuntza arloan "sekulako lana" egin dute gaztetxoen artean euskara eta euskal kultura sustatzeko. Sonia Alvarez Kultura zinegotziak hala azaldu du: "Gaur egungo gaztetxoak bertsoak abestera taula gainera ateratzen badira edo Santa Ageda bezperan makilak hartu eta koplak kantatzen ikusten baditugu, Ixabel Jauregi edo Mailu Irizar bezalako jendeak urtez urte eta etsi gabe gizarteari egindako ekarpenagatik da. Ondo merezita dute omenaldia, batez ere, irakaskuntzan, neska-mutilen artean, euren egunerokotasunean, isilik eta jardun apalean, euskara eta euskal munduari loturiko ondarea lau haizetara zabaltzen eta indartzen saiatzeagatik".
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide