Realak eta Real Unionek lagunarteko partida jokatuko dute uztailaren 25ean

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko uzt. 18a, 16:04

Neurketak interes puntu berezia du; izan ere, Mikel Azkoiti eta Igor Zubeldia futbol jokalari azkoitiarrek elkarren aurka jokatuko dute. Astelehenetik aurrera eskuratu ahalko dira sarrerak.

Xabi Artetxe, Igor Zubeldia, Mikel Azkoiti eta Pedro Urdapilleta. (Anaitasuna) Real Sociedad eta Real Union taldeek lagunarteko futbol partida jokatuko dute uztailaren 25ean, asteazkena, Azkoitiako Txerloia futbol zelaian, 19:00etan hasita. Neurketak, gainera, interes puntu berezia du; izan ere, Mikel Azkoiti eta Igor Zubeldia futbol jokalari azkoitiarrek elkarren aurka jokatuko dute. Bi jokalariak 2018-19 denboraldiko Anaitasuna futbol klubeko lehen bazkideak dira. Txerloira joateko deia egin dute bi jokalariek, klubaren aldeko eguna izango baita. Txuribeltzen eta txuri-urdinen arteko aurre-denboraldiko lagunartekoa Anaitasunak antolatu du, eta bi talde horien arteko neurketak Anaitasunari bultzada bat emateko balioko du. Txerloiako txarteldegian sarreren bitartez lortzen den dirua klubarentzat izango da. Txerloiko txarteldegia astelehenean eta asteartean, hilaren 23an eta 24an, 19:00etatik 20:00etara egongo da zabalik. Neurketa egunean, berriz, ordubete lehenago, 18:00etan, irekiko du Anaitasunak sarrerak eskuratzeko leihatila. Sarreren prezioak honako hauek dira: 0-4 urte bitarteko ikusleentzako sarrera, bi adinak barne, doan izango da; 5-18 urte bitarteko zaleentzako sarrera hiru euroan ezarri dute;  sarrera orokorra hamar euro izango da; eta harmailetakoa edo tribunakoa hamabost euro ordaindu beharko da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide