Floreaga auzoko irisgarritasuna hobetzeko dauden aukerak aztertuko ditu Azkoitiko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko uzt. 18a, 13:28

Azkoitiko Floreaga auzoko bizilagunak aspalditik ari dira auzoan irisgarritasuna bermatzea eskatzen, eta Azkoitiko Udalak egoera horri irtenbidea emateko dauden aukerak aztertuko ditu. Aurreikuspenen arabera, urrirako amaituta izango da alternatiben azterketa.

Floreaga auzoan aldapa ugari dago. (Ihintza Elustondo) Azkoitiko Floreaga auzoko bizilagunak aspalditik ari dira auzoan irisgarritasuna bermatzea eskatzen. Helburu hori lortzeko asmoz,  720 sinadura aurkeztu zituzten udaletxean, joan den apirilean. Eskaera horren aurrean, auzoko irisgarritasuna hobetzeko alternatiben azterketa egitea erabaki du Azkoitiko Udalak; hain zuzen ere, irisgarritasuna hobetzeko dauden aukeren azterlana esleitu dio LKS enpresari. Irtenbiderik aproposena zein izan daitekeen ondorioztatzea da ikerketa horren helburua. Joan den astean bildu zen Azkoitiko alkatea auzoko ordezkariekin azterlanaren berri emateko, eta, aurreikuspenen arabera, urrirako amaituta izango da alternatiben azterketa. Udalaren arabera, Floreagako irisgarritasuna "konplexua" da, batez ere, pertsona nagusientzat edo ezgaitasun fisikoren bat pairatzen dutenentzat. Horregatik, auzora iristeko modua hobetzeko egon daitezkeen aukerak zeintzuk diren jakin nahi du udalak, "irisgarritasun ezari irtenbidea bilatzeak zer nolako bideragarritasuna izan dezakeen aztertu ahal izateko". Udalak nabarmendu duenez, Floreaga auzoa zabaltzen ari da, besteak beste, Tekla izenez ezagutzen den gunean Babes Ofizialeko Etxebizitzak eraikitzen hasi direlako. Horregatik, gune berri horretako "bizilagunen beharrak ere" kontuan hartu beharko ditu planteamenduak.      

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide