Hainbat txirrindulari iaz, Mangaixue martxaren hasieran. (Hitza)
Anaitasuna Mendi Bazkunako talde batek antolatuta, Mangaixue mendi bizikleta martxa egingo dute irailaren 15ean, Azkoitian. Bi ibilbide izango ditu martxak: luzea, 33 kilometrokoa; eta, laburra, 25 kilometrokoa. Antolatzaileek azaldu dutenez, iazko antzeko ibilbideak izango dira distantziari eta desnibelari dagokienez, baina aldaketaren bat izango dute. Txirrindulariak 15:15ean abiatuko dira, Plaza Berritik.
Aste honetan ez bada, hurrengoan zabalduko dute proban izena emateko epea.
Kirolprobak.com helbidean eman ahalko da izena, eta irailean, Azkoitiko Uhaitz kafetegian ere izango da horretarako aukera.
Martxaren hirugarren edizioa izango da aurtengoa, eta antolatzaileek ez dela lasterketa bat gogorarazi dute. "Helburua ez da lehia bultzatzea, bizikletan ibiltzea sustatzea eta jendeak inguruko bazterrak ezagutzea baizik, herrian leku politak daudelako". Martxan ahalik eta jende gehienak parte hartzea nahi dute antolatzaileek. Iaz 212 lagunek parte hartu zuten proban.