Azkoitiko Duatloi Herrikoian izena eman daiteke oraindik

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko uzt. 11a, 12:28

Larunbatean jokatuko dute proba, 18:00etan Plaza Berrian hasita. Orain arte, "uste baino jende gutxiagok" eman du izena. Ostiralera bitartean eman daiteke aurrez izena, eta egunean bertan ere izango da horretarako aukera.

Iazko Duatloi Herrikoiko parte hartzaile bat. (Ane Olaizola) Larunbat honetan, uztailaren 14an, jokatuko dute aurtengo Azkoitiko Duatloi Herrikoia, 18:00etan Plaza Berrian hasita. Probaren bosgarren edizioa izango da, eta oraindik ere zabalik dago izena emateko epea. Antolatzaileek azaldu dutenez, "uste baino jende gutxiagok" eman du izena orain arte, baina espero dute, normalean bezala, egunean bertan apuntatuko dela jendea. Guztira, 80 bat lagunek parte hartuko dutela aurreikusten dute. Hala ere, antolatzaileek aurrez izena ematea gomendatzen dute, antolakuntza lanak errazteko. Parte hartzaileek hiru kilometro korrika eta bost kilometro bizkletan egin beharko dituzte. Plaza Berrian hasiko da proba, eta bi kilometro lasterka egin ostean, bizikleta hartu eta Santakutz eta Munategi inguruan ibiliko dira kirolariak. Ondoren, herri barruko zirkuitoan kilometro bat egingo dute lasterka, eta hasitako leku berean bukatuko dute proba. Duatloi Herrikoiaren Facebookeko orrialdean eman daiteke izena, ostiraleko –uztailaren 13– 23:59 bitartean. Dena den, egunean bertan ere eman ahal izango da izena. Aurrez izena ematen dutenek zazpi euro ordaindu beharko dute; egunean bertan ematen dutenek, berriz, hamar euro. 16 urtetik gorako herritarrek parte hartu ahal izango dute lasterketan, eta ibilbideko bizikleta zatia mendiko nahiz errepideko bizikletarekin egin ahal izango da. Antolatzaileek azaldu dutenez, beharrezkoa izango da kaskoa janztea. Zalantzak argitzeko azkoitikott@gmail.com helbidera idatz daiteke. Parte hartzaile guztiek, izen ematearekin batera, Azkoitri Triatloi Klubeko galtzerdiak edo kamiseta izango dituzte opari, hainbat jaki eta edarirekin batera. Urtero bezala, kategoria bakoitzeko lehendabizikoek garaikurra jasoko dute, eta herriko lehendabiziko emakumezko eta gizonezkoak ere bai. Proba herrikoia egingo dute aurten, baina federatuen duatloia ez. Izan ere, proba antolatzeko beharrezko baimenak lortzeko “arazo ugari” izan dutela adierazi du Azkoitri taldeak, eta, horren eraginez, aurten proba ez antolatzea erabaki dute kideek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide