EH Bildu eta Azkoitia Bai taldeetako ordezkariak, prentsaurrekoan.
Azkoitiko EAJren Udal Gobernua egiten ari den diru publikoaren erabilera "desegoki eta partidista" salatu dute, gaur arratsaldean, EH Bilduren eta Azkoitia Bairen udal taldeek. Oposizioko bi alderdiek adierazi dutenez,
Kontuak Ematen izeneko aldizkari bat banatu du etxez-etxe Udal Gobernuak aste honetan, eta laster totem informatibo batzuk ezarriko dituzte herriko kaleetan. "Azkoitiar guztion 12.800 euro xahutu ditu Javier Zubizarretaren gobernuak EAJren hauteskunde kanpaina martxan jartzeko, eta hori oso larria dela deritzogu", azaldu dute.
Udal Gobernua alderdiaren interesak behar eta nahi orokorren gainetik jartzen ari dela, eta aldizkaria oposizioari ezkutatuz egin duela nabarmendu dute: "Aldizkari hori oposizioari inolako informaziorik eman gabe osatu eta sortu dute, eta ez zaigu bertan parte hartzeko aukerarik eman. Informazioa eskatutakoan, gainera, trabak jarri dizkigute". Azken egunotan,
PSE-EE ere aldizkariaren aurka agertu dela ere gogorarazi eta aldizkari horrek "udaleko oposizio guztiaren" kritika duela esan dute.
Udal Gobernuari azkoitiar guztientzat lan egin behar duela gogorarazi nahi izan diote EH Bilduk eta Azkoitiak Baik: "Zubizarretari eta bere taldeari gogorarazi nahi diegu ez dutela bozkatzaile jeltzaleentzat bakarrik gobernatu behar. Ondo iruditzen zaigu alderdi bakoitzak, bere interesen arabera, herritarrekin nahi duen moduan komunikatzea, baina halakorik bada, alderdiak ordain dezala eta ez dezatela udal aldizkari bezala makilatu", gaineratu dute.