Euskaraldiarekin bat egin duen hamaikakoa. (Azkoitiko Udala)
Euskaraldiarekin bat egin duen hamaikakoa osatu dute Azkoitian. Genero, adin eta esparru ezberdinetako 11 herritar erreferentek osatu dute taldea, eta orain gainontzeko herritarrak aktibatzea da helburua. Azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo da Euskaraldia, eta 11 egun horietan 16 urtetik gorako herritarrak Ahobizi eta Belarriprest izatera animatu nahi dituzte. Euskara Mahaiarekin batera, herritarrak animatzeko eta egitasmoari bultzada emateko konpromisoa hartu du hamaikakoak.
Kontxi Granado, Julene Iturbe, Patxi Larrañaga, Ainhoa Larrañaga, Luis Arregi Izpizu, So Saito, Itziar Urteaga, Eneritz Arrieta, Juan Antonio Beneitez Toño, Isi Sanchez, Josu Irizar eta Jon Perez dira hamaikakoa osatzen duten azkoitiarrak. Beste hainbat tokitan egin den bezala, hamaikakoa osatzen duten herritarrak euskararen enbaxadoreak izango dira, eta egitasmoaren berri ematen saiatuko dira Euskaraldiak parte hartze arrakastatsua izan dezan.
Ahobizi eta belarriprest
Euskaraldiak jarritako erronka da euskaraz hitz egiteko gaitasun handirik ez dutenekin baina zerbait uler dezaketenekin euskaraz egitea, ahobizi edo belarriprest rola hartuz, 11 egunez. Ahobiziek euskaraz egingo diete hizkuntza ulertzen duten guztiei, edonon eta edonoiz. Ezagutzen ez dituzunekin lehen hitza euskaraz egingo dute, eta euskara ulertzen baldin badute, hortik aurrerakoak ere bai. "Ahobizi izateak ez du euskaraz hitz egiteko gaitasunarekin zerikusirik, jarrerarekin baizik. Ahal duzun guztietan euskara erabiltzeko prest? Ahobizi zara!", azaldu dute Euskaraldiaren sustatzaileek.
Bestalde, belarriprest rola hartzen dutenek, euskaraz dakiten guztiak gonbidatuko dituzte beraiei euskaraz hitz egitera. Euskara ulertzen dutela adieraziko dute, eta beraiekin euskaraz hitz egin dezaten eskatuko diote jendeari. "Zuk euskaraz edo erdaraz erantzungo duzu, baina zuri euskaraz egiteko eskatuko duzu. Belarriprest izateak ez du euskaraz hitz egiteko gaitasunarekin zerikusirik, jarrerarekin baizik. Dakienari zuri euskaraz hitz egiteko gonbita egin nahi diozu? Belarriprest zara".
Azkoitian Euskaraldia babestu duten hainbat eragiletako ordezkariak. (Azkoitiko Udala)
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide