Herri Eskolako atariaren estaldura ere egingo dute lanen artean. Esleipenerako proposamenak uztailaren 13a bitartean aurkez daitezke. Aurrekontua 5 milioi euro ingurukoa izango da.
Herri Eskolako patioaren estaldura jasotzen duen planoa. (Utzitakoa)
Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak Zumaiako Institutuko eraikin berria egiteko gauzatze proiektua aurkeztu du aste honetan. Bertan, lan osagarriak eta zuzendaritza fakultatiboa esleitzeko oinarri teknikoen pleguak jasota daude. Hamar gela berri izango dituen eraikinaren nondik norakoak jasotzeaz gain, Zumaiako Herri Eskolako patioaren estaldura egitea ere jaso dute proiektuan.
Esleipenerako proposamenak uztailaren 13a bitartean aurkezteko epea zabaldu dute. Kontratuak jasotako lanak bukatu ondoren, eraikina bera egiteko lanak eman eta gauzatu beharko dira. "Ez da prozesu laburra izango, baina prozedura abiatzeak, lan hauek egiteko konpromisoa berresten du", adierazi dute Zumaiako Herri Eskolakoek.
Hezkuntza Sailak lan guztiak amaitzen dituenean, Zumaiak dituen bi beharrei erantzuna emango zaiela azpimarratu du Zumaiako Udalak: "Batetik, urte hauetan zehar Zumaiak izan duen hazkundearen eraginez, Herri Eskolak duen espazio faltari irtenbidea emango dion eraikina egingo da. Bestetik, Zumaiak bere eskura izango du udalerriaren beharrak asebetetzeko espazio estali bat. Zumaiako handiena izango da hori, euriarengandik eta haizearengandik babestua, eta partida ofizial eta ekitaldi anitz antolatzeko aukera emango duena".
Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak 5 miloi euro inguru inbertituko ditu proiektuan. Estaldurak berakĀ 700.000 euro inguruko kostua izango du. Kostu horiek guztiak Eusko Jaurlaritzak finantzatuko ditu.