Unai Aranbarri (Azkoitia, 1993) futbolariak ez du Azkoitiko Anaitasuna futbol klubeko gizonen lehen taldean jarraituko datorren denboraldian. Hain zuzen ere, Beasain futbol taldean jarraituko du bere ibilbidea orain arte Anaitasunako kapitaina izan denak.
Anaitasunarekin duen kontratua ekainaren 30ean amaitzen zaio Aranbarriri, eta datorren sasoian beste talde batean jokatzeko erabakia hartu du. Kimu mailan hasita, erdilariak hamahiru urte eman ditu Anaitasunan, eta Hirugarren Mailan jokatutako urtea izan du azkena Anaitasunarekin. Izan ere, denboraldi honetan Hirugarren Mailatik Erregional Ohorezko Mailara jaitsi da taldea.
Guztira, 3.226 minutu jokatu ditu Aranbarrik azken denboraldian elastiko gorriarekin. "Hamahiru urteetan erakutsitako profesionaltasuna, jarrera eta klubarekiko izan duen konpromisoa" eskertu nahi dizkio Anaitasunak, eta "zorterik onena" opa dio etorkizunerako.