Euskaraldirako, prest

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2018ko eka. 19a, 10:35

Urte amaieran egingo den egitasmoa aurkezteko ekitaldia egin dute Zumaian. Irailaren 20tik aurrera izango da izena emateko aukera. Ahobizi edo Belarriprest izateko aukera dago.

Zumaian euskararekiko konpromisoa azaldu dutenak. (Juan Luis Romatet) Azaroaren 23tik abenduaren 3ra bitartean egingo den Euskaraldia egitasmoaren aurkezpen ekitaldia egin zen ostegunean Zumaian, Kofradiako plazatxoan. 11 egun euskaraz lelopean egingo da Euskal Herri mailan Euskaraldia, eta euskaraz hitz egin eta ulertzen duten herritarren arteko harremanetan hizkuntza ohiturak aldatzea du helburu. Euskaraldiak iraungo dituen 11 egun horietan, euskaraz dakiten guztiek euskara ulertzen dutenei euskaraz bakarrik egitea lortu nahi da. Osteguneko agerraldi publikoan adierazi zutenez, Zumaian herritarren %74 euskaraz ondo hitz egiteko gai da, eta ia %11 euskara ulertzeko gai da. "Eta horixe da gakoa! Indar hori aktibatzea", azpimarratu zuten ekitaldiko gidariek. Euskal Herriko zazpi probintzietan egingo den ekimenean parte hartzeko irailaren 20tik aurrera izena eman beharko da. Non eta nola aurrerago iragarriko dute. Izena ematen duten guztiei txapa bana emango zaie. Txapa horien bidez jakingo da herritar horrekin nola jokatu. Ahobiziek euskaraz ulertzen duten guztiei euskaraz egiteko konpromisoa hartuko dute, eta euskaraz jakin edo ez badakite ere, lehenengo hitza euskaraz egingo diete. Belarriprestek, berriz, euskaraz dakiten guztiei beraiei euskaraz egiteko eskatuko diete. Ahal badute euskaraz erantzungo dute eta beste batzuetan erdaraz erantzungo dute. "Txapa paparrean dugula, euskara gehiago erabiltzea nahi dugu. Eta askotan jende askorekin erdaraz egiteko dugun ohitura aldatzea lortuko dugu. Hasteko 11 egun, baina gero 11 egun horietan hartutako ohitura berriakĀ  mantentzea errazagoa egingo zaigu guztioi", azaldu zuten ekitaldiko gidariek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide