Eskualdeko hiru lagun eta elkarte bat omenduko ditu Zumaiako Pilotarien Batzarrak

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2018ko eka. 14a, 09:45

Elkarteak igandean egingo du urteko asanblada Zumaian. Hainbat lagun omenduko dituzte egunean zehar. Javier Carballoren argazki erakusketa zabaldu da Oxford aretoan

Javier Carballo eta Jose Artetxe Pilotarien Batzarreko presidentea. (Juan Luis Romatet) Pilotarien Batzarrak urteko asanblada egingo du igande honetan Zumaian. Euskal Herri osoko bazkideak elkartuko dira bilkuran. Batzarraren ondoren bazkaria egingo dute. Hasteko, Gipuzkoa One Wall irekia jokatuko da Aitzuri pilotalekuan. Gero, 11:00etan, zendutako bazkideen aldeko meza izango dute, San Pedro parrokian. Jarraian, harrera ofiziala egingo zaie Alondegia kultur etxeko Oxford aretoan, 12:00etan, eta ordu laurden geroago hasiko da asanblada. Batzarra bukatutakoan, 13:00etan, eta eguraldiak laguntzen badu, Zumaiako Pilota Elkarteko gazteek jokatutako pilota partidak izango dira Odieta pilotalekuan. Amaitzeko, bazkaria izango dute kirol portuko Marina Berri jatetxean, 14:30ean. Bazkalondoren omenaldien txanda izango da. Zumaiak protagonismoa izango du omenaldi horretan. Batetik, iaz 50 urte bete zituen Zumaiako Kirol Elkartea omenduko du Pilotarien Batzarrak, baita Manuel Mugerza zesta-puntako jokalari ohia ere. Urola Kosta eskualdeko beste bi lagun ere omenduak izango dira igandean: Manuel Agirrezabala Matxin II.a, Matxinbentako erremonte jokalari ohia; eta Gloria Agirre Txikita de Aizarna erraketista aizarnarra. Asanblada igandean da, baina aurretik horri lotutako argazki erakusketa zabaldu dute Zumaiako Oxford aretoan. Euskal pilotaren artisauak du izenburua erakusketak. Bertan, Javier Carballok azken hiru hamarkadetan ateratako argazkiak daude erakusgai. Erakusketa hori egunero igandera bitartean egongo da zabalik, 18:30etik 20:30era bitartean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide