"Gure partaidetzarekin neska gehiago animatzea lortzen badugu, gu oso gustura"

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko eka. 12a, 18:48

Leire Martin eta Eneritz Garate origarriekin, Kontzejupean. (Kris Fernandez) Azkoitiko Pelotai Euneko I. Nesken Pilota Txapelketako irabazleak dira Leire Martin eta Eneritz Garate. Larunbatean jokatutako finalaren aje gozoaren ondoren, txapelketak emandakoak gogoratu dituzte bi txapeldunek. Nolatan erabaki zenuten txapelketan parte hartzea? Leire Martin: Aurreko urteetan parte hartzeko gogoz ibili zen Eneritz, baina parte hartu nahi bagenuen, mutilen aurka jokatu behar genuen. Fisikoki ezin gara mutilen aurka lehiatu, eta horregatik ez genuen parte hartu. Eneritz Garate: Aurten, lehenbizikoz antolatu dute nesken txapelketa, eta larunbat gau batean konbentzitu nuen Leire. Txapelketara begira, zein zen zuen helburua? L.M.: Nesken pilota bultzatu nahi genuen. Ume garaian pilotan ibilitakoak gara, baina gero utzi egin genuen, eta oroitzeko balio izan digu txapelketak. E.G.: Barregarri ez gelditzea ere bazen gure asmoa. Argi genuen, ordea, behin izena emanda, dena ematera joango ginela. Bi pilotariak oroigarriekin eta txapelekin. Txikitan pilotan ibilitakoak izanda, entrenamendurik egin al duzue? L.M.: Lehenbizikoz entrenatu genuenean, hamar minutu iraun genituen, eskuko mina hasi zitzaigulako. E.G.: Beste behin, Kontzejupera joan ginen, eta jolasean ari ziren umeekin hasi ginen pilotan. Orduan ere hamar minutu egin genituen. Nola joan da txapelketa? L.M.: Hiru partida jokatu ditugu denera; final laurdenetakoa, finalerdietakoa eta finala. Hiru partiden aurretik oso urduri egon naiz. Izan ere, hamabi urte igaro dira pilotan azken aldiz jokatu genuenetik. Lehen partida espero genuena baino errazagoa egin zitzaigun. E.G.: Bigarren partidan, finalerdietakoan, askoz ere urduriago geunden. Kontzejupea, gainera, ez da frontoi erraza. Baina finalerako hartu genion tamaina. Eta nola gogoratzen duzue finala? E.G.: Urduri hasi baginen ere, markagailuan aurretik jartzea lortu genuen hasieran, eta horrek asko lasaitu gintuen. Ederra izan zen, baina partida gehiago jokatzeko gogoarekin gaude. L.M.: Azkenean, zortzi bikotek parte hartu dugu, eta hiru partida jokatu ditugu. Gure partaidetzarekin neska gehiago animatzea lortzen badugu, gu oso gustura. Hori espero dugu hurrengo urtera begira. Bi pilotariak kuadrillakoekin. Txapelei eusteko asmoa duzue, beraz? L.M.: Ez dugu hitz egin, baina parte hartu beharko dugu... E.G.: Ikusiko dugu. Lehenbiziko txapeldunak izan garela esan dezakegu, behintzat. Hori bai, eskerrak eman nahi dizkiegu parte hartu duten neska guztiei, txapelketa egin bada, beraiei esker izan delako. Antolatzaileei ere eskerrik beroenak eman nahi dizkiegu, lan guztia musutruk egiten dutelako. L.M.: Pilota indarra galduta zegoen Azkoitian, eta horrelako egitasmoei esker, kirol horri indarra ematea lortu dute berriro. Pilotari bere lekua eman diote, eta Pelotai Eune oso egun ederra izatea lortu dute. E.G.: Azkenik, gure kuadrillari eman behar dizkiogu eskerrak, gu baino urduritasun handiagoarekin bizi izan dutelako txapelketa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide