Patxi Larrañagak 'Gure Abestiak' liburua aurkeztu du Azkoitian

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko eka. 8a, 17:45

500 abesti inguru jaso ditu azkoitiarrak argitalpenean. Aurkezpenera hurbildu zirenek, gainera, abesteko tartea ere eduki zuten.

Patxi Larrañaga, erdian, Gure abestiak liburuaren aurkezpenean. (Azkoitiko Udala) Familiakoen eta lagunen konpainian, Gure abestiak liburua aurkeztu zuen atzo Patxi Larrañagak Azkoitiko udaletxeko bilkura aretoan. Liburuan, 500 abesti inguru jaso ditu Larrañagak. Eguneratutako bertsioa da orain argitaratu duena; izan ere, orain dela urte batzuk kaleratu zuen liburu beraren lehen bertsioa. Hala ere, bertsio berriak badu berrikuntzarik, gaztelaniazko abestiak ere bildu baititu azkoitiarrak Nuestras Canciones liburuan. Bi liburuek osatzen dute bilduma. Larrañagak azaldu zuen jubilatu zenean "okupatuta bizitzeko" hiruzpalau gai otu zitzaizkiola, eta horietako bat "kantuen letrak eta partiturak biltzea" izan zela , ondoren "abesteko eta besteekin partekatzeko". Azkoitiarra Iraurgi Abesbatzaren eta Bizkargi musika eskolaren fundatzailea ere bada. Atzoko aurkezpenean, gainera, idazleak eta bilkura aretora hurbildu zirenek abesteko tartea ere hartu zuten; zehazki, Hegoak ebaki banizkio eta Euskal Herriko semeak gara abestiak kantatu zituzten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide