Prest dago Oikia igandean Gipuzkoako Eskola Txikien festa hartzeko

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2018ko eka. 8a, 10:43

Heldu da egun handia. Igandean Gipuzkoako Eskola Txikien festa ospatuko da Oikian. Azken hilabeteotan lan eskerga egin ondoren, dena prest dute Gipuzkoa osotik hara joango den jendea hartzeko. Igandean, 10:30ean hasiko dira festa egunarekin lotutako ekitaldiak. Herrian zehar bost gune jarriko dituzte, eta egitaraua "mimo bereziz" prestatu dute bertaratzen diren guztiek zer gozatua izan dezaten, bai haurrek eta bai helduek. Besteak beste, gero eskola berriaren aurrean jarriko den eskultura berezi baterako guztiek izango dute hatz markak uzteko aukera. Harrera ekitaldia egingo da 10:30ean, eta aukera paregabea izango dute bertaratzen direnek bertan herriko haurrek prestatutako ikuskizun koloretsuaz gozatzeko. Jarraian, jolasak eta tailerrak, zaldiak, pottokak eta poniak, Zumaiako Musika Bandaren dantza saioa, puzgarriak, pailazoak eta apar festa izango dira goizetik hasi eta arratsaldera bitartean. Oikia osoa aritu da eguneko jarduerak antolatzen, baita auzoko txikienak ere. Horiek gonbite berezia egin diete beste herrietako haur eta gaztetxoei, igandean Oikiara gozatzera azaltzeko. Busak eta aparkalekuak Gipuzkoa osotik etorritako jende kopuru handia espero dute Oikian. Bezperatik, larunbateko 14:00etatik aurrera, ezingo da autoa Oikia herrigunean aparkatu. Bizilagunek Pollos Oikinako zabalgunean izango dute autoa uzteko  aukera. Zumaiatik Oikiara joateko autobus zerbitzu berezia antolatu dute. 10:00etatik hasita, orduero izango dira autobusak Zumaia eta Oikia artean. Zumaian, Patxita Etxezarreta kalean izango dute geltokia; Oikian, berriz, errepidean; ez dira Oikiako herrigunera sartuko. Igandean, Gure Esku Dago-k antolatutako giza katea ere egingo da. Hori dela eta, kanpotik Oikiara doan jendearentzat Ap8 autopistan 48. irteera hartzea gomendatu dute antolatzaileek, "Zumaia-Zestoako irteera hartu eta Zestoako bidetik, Iraeta-Aizarnazabal-Oikia bidea egin beharko dute. Bidegurutzeak markatuta egongo dira, eta aparkalekuak Oikiako industrialdeetan izango dituzte, Siemens eta Xey enpresen inguruan". EGITARAUA Ekainak 10, igandea - 10:30. Harrera ekitaldia. - 11:30-13:30. Jolasak eta tailerrak. - 15:00-18:00. Zaldiak, pottokak eta poniak. - 15:00-19:00. Puzgarriak. - 15:30-16:30. Dantza saioa Zumaiako Musika Bandarekin. - 16:00. Gorriti eta Lopene bere animaliekin. - 16:30. Potxin eta Patxin pailazoak: Hondartzan ikuskizuna. - 18:00. Apar festa.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide