Azkoitiko Matadeixek 22. urteurrena ospatzeko egitarau zabala prestatu du

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko eka. 7a, 10:34

Zinema zikloa eta hainbat kontzertu antolatu dituzte, besteak beste. Ekainaren 30ean egun osoko festa egingo dute. Berrikuntza bat ere bada aurtengo egitarauan: urteurreneko kamisetaren logoa izango dena aukeratzeko, diseinu lehiaketa antolatu dute.

Lehen aldiz, kamisetentzako diseinu lehiaketa egingo dute aurten. (Matadeixe) Azkoitiko Matadeixek 22 urte beteko ditu aurten, eta, hori ospatzeko, egitarau zabala prestatu dute. Hain zuzen ere, larunbat honetan hasi eta ekainaren 30era bitartean izango dira jarduerak. Hasiera batean astebete inguruko egitaraua antolatzen bazuten ere, azkenaldian hilabete oso bat hartzen dute ospakizunetarako. Alots Arregi Matadero Ekintzak taldeko kideak azaldu duenez, egun bat izaten da "berezia". Aurten, ekainaren 30a izango da egun hori, eta, ohi bezala, egun osoko festa egingo dute. "Goiz partean Matadeiko jendearentzako gauzak egingo ditugu, eta arratsaldetik aurreara, saio irekiak: serigrafia tailerra...". Gauean, hiru kontzertu izango dira: Matadeixen bertan sortutakoa den Anakrosisena nahiz Nasty Surgeons eta Nekrocake taldeena. Arregiren arabera, grindcore-hardcore estiloko musika eskainiko dute hiru taldeek; musika "nahikoa gogorra". Talde bakoitzak ordu erdiko kontzertua eskainiko du, eta, ondoren, VI. Gau Beltza hasiko da. Ordu txikiak arte, musika beltza entzun ahalko da, soul-a eta musika afrikarra, besteak beste. Aurten, gainera, bada berrikuntza bat, ekainaren 30eko egun horri begira. Hain zuzen ere, urtemugako serigrafia saiorako diseinua aukeratzeko, lehiaketa antolatu dute. Matadeiko 22. urteurreneko kamisetaren irudia izango da diseinu irabazlea. Diseinuak kolore bakarrekoa izan behar du lana errazteko, eta Matadeixerekin zerikusia izan behar du. "Manipulatu gure logoa edo sortu zure irudi berezi propioa" azaldu dute. Ekainaren 23ra bitartean bidali behar dira proposamenak, mataderoekintzak@gmail.comĀ helbidera. Larunbatean, hasiera Egun handia ekainaren 30a izango bada ere, larunbat honetan, ekainaren 9an, hasiko dira urteurreneko ekitaldiak. Bi kontzertu izango dira larunbatean. Arrasateko Desvan del Macho taldea ariko da lehenik; Arregik azaldu duenez, "20 urtetik gora ari da kontzertuak ematen taldea, eta Matadeiko oso lagunak dira". Ondoren, Diola ariko da zuzenean; Galiziako talde bat da Diola, eta Matadeiko kideek "aspalditik" zuten talde hori Azkoitira ekartzeko gogoa. Zinema zikloa ere izango da urteurreneko egitarauan; aurtengoan, dantza izango da emango dituzten filmak biltzen dituen gaia. Horietako bi fikziozko lanak izango dira, eta beste hirurak dokumentalak. Ekainaren 23an, berriz, San Juan su alternatiboa egingo dute Matadeixen. Hain zuzen ere, San Juan sua piztuko dute, eta bertan erretako patatak jango dituzte ali-oli saltsaz lagunduta. Hona hemen egitaraua: -Ekainak 9, larunbata 22:30. Desvan del Macho eta Diola. -Ekainak 13, 20, 22 eta. 27 eta uztailak 4. Dantza ala hil zinema zikloa. Ekainak 13: Pina (Matadeixen, 21:30ean). Ekainak 20: Le Bal (Matadeixen, 21:30ean). Ekainak 22: Bruk Out! A Danchehall Queen Documentary (Baztartxon, 22:00etan). Ekainak 27: Rumba (Matadeixen, 21:30ean). Uztailak 4: Mr. Gaga (Matadeixen, 21:30ean). -Ekainak 16, larunbata. 22:30. Zizel taldearen disko aurkezpena. -Ekainak 23, larunbata. Sue ta patatie. -Ekainak 30, larunbata. 12:00. Bizipoteue. 14:30. Bazkaria. 17:30. Serigrafia saioa. 22:30. Kontzertuak: Anakrosis, Nasty Surgeons eta Nekrocake. 00.00. VI. Gau Beltza.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide