Visesaren ordezkaria eta Javier Zubizarreta, Idiakez Ederra etxearen aurrean. (Azkoitiko Udala)
Azkoitiko Udalak eta Visesa sozietate publikoak hitzarmena sinatu dute. Akordioaren bidez, udalak Visesari eman dio Idiakez Ederra edo Nagusia 80 eraikina bertan hamalau Babes Ofizialeko Etxebizitza eraikitzeko. Udalbatzak eta Visesaren administrazio kontseiluak hitzarmena onetsi ostean, proiektuak aurrera jarrai zezan, ofizialki akordioa sinatzea zen egin beharreko hurrengo urratsa, eta hala egin dute. Horrez gain, akordioaren arabera, udalak konpromisoa hartu du eraikinaren azpiko lokala erosteko; 215.000 eurotan (gehi BEZ) erosiko du 2020 amaierarako edo 2021 hasierarako. Egungo jubilatuen etxea ordezkatuko duen gunea kokatuko da bertan.
Aurreikusitako epeak honakoak dira: behin hitzarmena sinatuta, Visesak zortzi hilabeteko epea du obra lizentzia eskatzeko. Lizentzia eskuratzean –2019ko urtarrilerako aurreikusten da–, obrak 2019ko urrian esleituko dituzte. Obrak 2022ko lehen hiruhilekoan amaitzea aurreikusten dute, eta urte bereko hirugarren hiruhilekoan entregatzea etxeak jabeei. Udalak joan den martxoan
jakinarazi zuen lanak 2021ean amaitzea aurreikusten zutela, baina gaur emandako informazioaren arabera, 2022ra atzeratu dute epe hori, Visesak "zuhurra" izan nahi duelako.
Azken asteotan, Idiakez Ederra etxean sekulako mugimendua izan da; 2009an aldamioak jarri zirenetik ikusi ez dena.
Eraikinetik 408 tona hondakin atera zituzten, baina datozen hilabeteetan obrak geldirik dauden itxura izango dute, kanpotik ikusita, behintzat, nahiz eta tramite administratiboak aurrera jarraituko duen. Datozen hilabeteak etxebizitzen exekuzio proiektua egiteko behar dituzte.
Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak honakoa azaldu du azken mugiemenduen inguruan: "Geldirik urteak egon ostean, berriro eraikin horretan bizitza ikusiko den esperantza piztu dute azken lanek herritarren artean. Eta horrela izango da. Hala ere, datozen hilabeteetan kanpotik dena geldirik dagoen itxura izango du. Datozen hilabeteetan, barne lana egingo da. Visesak proiektua landuko du, gero obrak esleitzeko. Konpromisoak argiak dira; Visesa buru-belarri murgildu da Idiakez Ederra etxearen birgaitze proiektuan eta dena bideratuta dago. Babes Ofizialeko Etxebizitzen eraikitzea martxan dago, baina ulertzekoa den bezala, herritarrei nahi baino luzeago egingo zaie, guri bezala".
Duela egun batzuk kendu zuten Idiakez Ederra eraikinaren aurrean azken asteetan egon den garabia hondakinak ateratzeko, eta obrak hasten direnean jarriko dute berriro.