'Shine Again' antzerki musikalak jaso du Bueno saria

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko mai. 29a, 19:32

Azkoiti-Azpeitiko kidez osaturiko Bigoterik Gabea taldearen Shine Again antzerki musikalak sari bat eskuratu du Coca Cola fundazioak antolatutako Buero sarietan, eta taldeko kideek zapatuan jaso zituzten oroigarriak. Senda Vivan (Arguedas, Nafarroa) egin zuten sari banaketa ekitaldia, eta han izan zen taldeko hainbat neska-mutil. Horiek LED fokoa eta oroigarriak eskuratzeaz gain, Senda Viva parkean eguna pasatzeko aukera izan zuten. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako obren artean onena izendatu dute Shine Again, eskolaz kanpoko mailan. Buero sarien hamabosgarren edizioa izan da aurtengoa, eta, guztira, 379 taldek eta 7.500 gaztek baino gehiagok parte hartu dute bertan. Sari horien helburua da gazteen artean antzerkirako grina zabaltzea eta sustatzea. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako saria eskuratu dutenez, Espainiako Txapelketara igaro da Bigoterik Gabea. Epaimahaiak antzerki obra batzuk aukeratuko ditu bertan, eta talde horiek Madrilen antolatuko den Gazte Antzerki Astean eta antzerki udalekuetan parte hartuko dute uztailean. Aukeratutako taldeek antzerki munduko hainbat profesionalekin ikasteko aukera izango dute. Bigoterik Gabea taldekoak obra berriarekin lanean ari dira dagoeneko, baina duela bi urte estreinatu zuten Shine Again antzezlanarekin eskuratu dute saria.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide