Geoparkeen Europako Asteak kultur ondarea nabarmenduko du

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2018ko mai. 23a, 10:15

Gaur hasi eta ekainaren 10era bitartean antolatu dituzte ekitaldiak Euskal Kostaldeko Geoparkean. Zumaian hiru saio egingo dituzte; horietatik aurrenekoa gaur bertan da

Maiatzaren 30ean Zumaian izango den Thierry Juteau zientzialaria (SGE). Euskal Kostaldeko Unescoren Munduko Geoparkean Geoparkeen Europako Astea egingo dute zortzigarren aldiz, gaur (maiatzak 23) hasi eta ekainaren 10era bitartean. Egitasmo hau Europan egun dauden 71 geoparkeetan egingo da aldi berean, ondare geologikoa ezagutzera eman eta herritarrengan ondarearen kontserbazioaren inguruan kontzientzia pizteko helburuarekin. «Publiko zabalari irekitako» ekitaldi sorta antolatu duela adierazi du Euskal Geoparkeak. Jarduerak Deban, Mutrikun eta Zumaian egingo dira. Doakoak izango dira denak. Gaur, asteazkena, izango da lehendabiziko hitzordua, Zumaian. ZIIZ elkarteak antolatuta, Nafarroako industria ondarearen eta kulturaren ikertzaile den Victor Manuel Egiak hitzaldia emango du. Ondare industrialaren inguruan ariko da hizketan Egia, gaztelaniaz. Oxford aretoan izango da solasaldia, 19:00etatik aurrera. Ostiralean (maiatzak 25), berriz, Originala edo erreplika? erakusketa inauguratuko dute Zumaiako Algorri Interpretazio Zentroan. Geologia eta Meatzaritza Institutuak (IGME) prestatutako erakusketa da, eta bisitariek fosil eta mineral ezberdinen erreplikak benetako aleen ondoan ikus ahal izango dituzte. «Erakusketak erronka bat jarriko dio bisitariari: ea asmatzen duten erakusketako zein pieza diren benetakoak eta zein kopia perfektuak», azaldu dute antolatzaileek. Erakusketa ekainaren 30era arte egongo da zabalik. James Cameronen filma Maiatzaren 30ean, Geoparkeak GeoTalks ekimenaren bigarren edizioa hartuko du, James Cameronek duela 15 urte Zumaian filmatu zuen Volcanes del mar profundo (Volcanoes of the Deep Sea) dokumentalaren emanaldiarekin. Jarraian, solasaldi irekia egingo da, eta itsaso sakoneko misterioen inguruan ariko dira bi zientzialari eta komunikatzaile ezagun. Batetik, Thierry Juteau Bresteko Unibertsitateko katedradun emeritua eta nazioarte mailako sari bat baino gehiago jaso dituena ariko da, eta, bestetik, Carlos Briones, CSICeko Astrobiologia zentroko ikertzailea. Asier Hilario Geoparkeko zuzendari zientifikoak moderatzaile lanak egingo ditu. Zientziari, bizitzari eta itsaso sakonari buruz ariko dira. Ekitaldia irekia izango da. Zumaiako Aita Mari aretoan egingo da, 19:00etatik aurrera. Hurrengo ekitaldiak Itziarren, Deban eta Mutrikun antolatu dituzte. Geoparkea.eus webgunean aurkitu daiteke egitarau osoa. Egitaraua osatzeko, Mutrikuko Nautilus eta Zumaiako Algorri interpretazio zentroek ate irekien jardunaldiak egingo dituzte beren baliabideak ezagutarazteko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide