Zazpi Kurutze mendi martxa bi urtetik behin egiten da. (Anaitasuna)
Ekainaren 10ean izango da Anaitasuna Mendi Bazkunak antolatutako Zazpi Kurutze mendi martxa. Bi urtez behin egiten den probaren atarian, boluntarioen bilera deitu dute antolatzaileek gaurko. Hain zuzen ere, 20:30erako jarri dute hitzordua mendi bazkunaren egoitzan, eta probaren egunean anoa postuetan-eta lanean ariko diren lagunei zehaztapenak emango dizkiete bertan.
Ohiko legez, ekaineko bigarren asteburuan izango da Zazpi Kurutze martxaren aurtengo edizioa. Anaitasuna Mendi Bazkunak antolatzen duen probarik zaharrena da; aurtengoa XXIII. edizioa izango da.
Proban parte hartu nahi dutenek
www.zirkuitua.com webgunean edo Azkoitiko Lopetegi Iturgintzaren bulegoan eman dezakete izena, hamabost euroren trukean. Egunean bertan ere eman ahal izango da probarako izena, ordurako ez bada 300 laguneko gehienezko kopurua betetzen. 03:00etatik 04:00etara bitartean izango da horretarako aukera plazan, baina hogei euro ordaindu beharko dute orduan izena ematen dutenek. Aurrez izena ematen dutenek, gainera, hilaren 9tik 10erako gauean antolatzaileek egokitutako gunean lo egiteko tokia ere erreserbatu ahal izango dute. Izan ere, Anaitasunak lo egiteko tokia egokituko du Azkoitiko Kultur Etxean.
Ekainaren 10ean, 04:00etan aterako dira parte hartzaileak Azkoitiko plazatik. 55 kilometroko ibilbidea egingo dute, eta Erlotik (1.027 metro), Aittolatik (645 metro), Zargoatetik (540 metro), Hirukutzetatik (895 metro), Irimotik (898 metro), Izazpitik (950 metro) eta Oletatik (756 metro) igaroko dira. Martxa hasitako leku berean, Azkoitiko plazan, bukatuko dute parte hartzaileek.
Kirolariek denbora tarte jakin bat izaten dute gurutze bakoitzera iristeko, eta horietan zigiluak egiten dizkiete. Gainera, ibilbidean zehar sei anoa postu izango dituzte, jateko eta edateko.
"Mendi martxa da"
Anaitasunak zehaztapen bat egin du antolatzen ari den Zazpi Kurutze probaren harira. Mendi bazkunak gogorarazi du Zazpi Kurutze mendi martxa dela, eta, ondorioz, parte hartzaileei ibilbidea "oinez" gauzatzeko deia egin die. "Lagun giroan egitea nahi dugu, ez korrika", azaldu dute. Anaitasunak esan duenez, "herri mailako" proba da Zazpi Kurutze, eta herritarrei martxan parte hartzeko deia egin diete mendi bazkunako kideek.