Azkoitian lan egingo duten lau udaltzainek diplomak jaso dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko mai. 22a, 13:22

38 udaltzainek jaso zuten atzo, astelehena, Arkauteko Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian prestakuntza ikastaroa gainditu dutela eta udaltzain lanetan aritu daitezkeela egiaztatzen duten diploma, horien artean, Azkoitian lan egingo duten lauk. Ekitaldian Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburu Estefania Beltran de Heredia izan zen buru, eta bertan egon zen Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea ere. Akademiaren zuzendari Malentxo Arruabarrena, Segurtasun saileko hainbat kargudun eta udaltzain berriak lanean arituko diren gainerako udaletako alkate eta ordezkariak ere han izan ziren. Zubizarretak "gizatasuna, errespetua eta osasuna" aipatu zituen, "elkarbizitzarako eta garapen sozialerako ardatz" gisa: "Udaltzaingoaren oinarria giza kapitala da, pertsonak. Zuek zarete. Kalitatezko zerbitzua emateko giza prestakuntza nahiz prestakuntza teknikoa ezinbestekoak dira. Ziur nago gure kaleetan lan bikaina egingo duzuela", esan zien udaltzainei. Hitzaldien eta argazkien ostean, "txapelak gora" entzun orduko denek goraka bota zituzten beren txapelak, eta ekitaldiak festa kutsua hartu zuen. Gasteizko, Tolosako., Errenteriako eta Azkoitiko 38 udaltzain berriek zazpi hilabete eman dituzte prestakuntza ikastaroa egiten Polizia eta Larrialdietako Euskal Akademian. Aipatutako prestakuntza ikastaroa egitea derrigorrezkoa da lanean aritzeko. Azkoitian hamabost udaltzain daude.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide