Esku-eskura dute igoera Anaitasunako neskek

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko mai. 21a, 13:08

Azkoitiko Anaitasuna futbol klubeko senior nesken taldeak denboraldiko azken neurketa jokatuko du datorren zapatuan, Eibarren aurka. Partida hori irabaziten baldin badute, mailaz igoko dira. Txerloia goraino betetzeko deia egin die klubak herritarrei.

Anaitasunako senior neskak. (Argazkia: Anaitasuna) Azkoitiko Anaitasuna futbol klubeko senior nesken taldeak denboraldiko azken neurketa jokatuko du datorren zapatuan, maiatzak 25, Txerloia futbol zelaian. 17:30ean hasita, Eibar taldearen aurka neurtuko dituzte indarrak Joxepe Santizok, Jokin Landak eta Eneko Aizpuruk gidatutako neskek. Neurketa irabaziz gero, mailaz igoko da taldea, eta, galtzen edo berdintzen badu, berriz, ez. Txerloia goraino betetzeko deia egin die klubak herritarrei. Igandean, atzo, bina berdindu zuten gorrixek Intxaurdi taldearen aurka, eta puntu horrek igoeragatik borrokan jarraitzeko txartela eman die neskei. Eibar taldea sailkapeneko liderra da 45 punturekin, Anaitasunak baino hiru gehiago ditu. Eibarko taldeari irabaziz gero, mailaz igotzea lortuko du Anaitasunak, bi taldeen arteko golen diferentzia alde izango luketelako gorrixek garaipenarekin —Eibarren 1-1 berdindu zuten—. Partidak duen garrantzia ikusita, klubak Txerloia bete nahi du, eta neurketa ikusteko sarrera doan izango da. Horrelakoetan klubak behin baino gehiagotan eskatu die zaleei kamiseta gorria jantzita zelaira joateko, eta zapaturako ere eskaera berdina egin nahi die jarraitzaileei. Bigarren urtez jarraian, denboraldiko azken jardunaldian ebatziko da nesken etorkizuna. Iaz ez zuten mailaz igotzerik lortu San Juanen jokatu zen azken jardunaldian. Bi urte daramatza taldeak Gipuzkoako talderik onenen artean lehiatzen, eta "egindako lanak benetako saria merezi du", klubaren arabera. "Herritar eta jarraitzaile guztion artean lagundu behar diegu Emakumezkoen Euskal Ligara igotzen", azaldu du Anaitasunak. Mailaz igoz gero, harrera udalak Igoera lortzeko irabazi beharra du Anaitasunak, eta garaipena lortuz gero, Azkoitiko Udalak harrera egingo die neskei udaletxean. Igoera gauzatuz gero, 20:15ean Balda Plazatik abiatuko da taldea, Udal Musika Bandak lagunduta. Ondoren taldeko jokalariek Anaitasunaren zapia jarriko dute Eliz Atariko barriketan, eta handik udaletxera abiatuko da taldea, bertan udal ordezkariek harrera egiteko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide