Maria Laguntzailearen ospakizunen bezperan, maiatzaren 19an, Azkoitiko Floreaga ikastetxeko familien festa ospatu zuten. Arratsaldean zehar, entretenimendu ekintza ugari izan zituzten: besteak beste, puzgarriak, ludoteka, giza futbolina, txirrista... Ume txikienak berehala hasi ziren aurpegiak margotzen eta karetak prestatzen. Kirol arloan, berriz, futbito aretoa izan zuten, eta tortilla lehiaketan parte hartze handia izan zen. Haurrez, gaztetxoz eta gurasoz osaturiko taldeak osatu eta Escape Family 2018 ederra egin zuten, trebeziaz eta umorez osatutako frogak gaindituz. Eguraldia lagun izan zuten arratsalde osoan.
Afaltzeko 400 pertsonentzat tokia prestatu zuten, frontoian. Afariaren aurretik, Alai Batzako koruak aurtengo pastoral kanpainako kantua eskaini zuen: Baina zurekin. Familia bakoitzak bere afaria eraman zuen, eta ondokoekin partekatu zuten gehienek. Eskolak guztientzat kafea eskaini zuen. Elkartasun bingoa egin zuten ondoren, frontoian bertan, eta jasotako dirua Siriara bidaliko dute. Diskotekan dantza ugari egin zuten gero, haurrek nahiz helduek. Ordu txikietan frontoia guztiz txukundu eta erretiratu egin ziren. Festa zoragarria izan zuten aurtengoan ere.
Hona hemen larunbateko argazkiak:
(Argazkiak: Juan Inazio Sudupe)
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide