Iazko Gu Ere Bertsotan saioko irudi bat. (Argazkia: Azkoitiko Udala)
Maiatzaren 22an, datorren asteartean, egingo dute Gu Ere Bertsotan jaialdia, Azkoitiko Baztartxo antzokian. 18:00etan hasiko da ikuskizuna, eta 183 neska-mutilek parte hartuko dute aurtengo edizioan. Floreaga ikastetxeko LH5 eta 6ko ikasleak eta Xabier Munibe ikastolako DBH1eko gaztetxoak arituko dira bertsotan. Ekitaldia irekia da, eta, beraz, doinu, neurri eta errimez gozatzea gustuko duen edonor bertara daiteke, ikasle, irakasle eta gurasoez gain.
Azkoitiko Udaleko euskara zerbitzuak eta Gipuzkoako Bertsozaleen Elkarteak elkarlanean sortutako proiektua da Gu Ere Bertsotan, eta 2008-2009 ikasturtetik gaur arte martxan dirau. Martin Altunak zuzendu ditu aurtengo ikasturtean saioak, eta ikuspegi pedagogiko batetik, nagusiki lau arlo lantzen dituzte: hizkuntza, kultura, musika eta trebetasun pertsonal nahiz sozialak.