Asier de la Iglesia aurkezpenean. (Argazkia: GBC)
Asier de la Iglesia Azkoitiko bizilagunak Donostiako Delteco Gipuzkoa Basket taldearekin debuta egiteko aukera izango du igandean. Duela sei urte diagnostikatu zioten esklerosi anizkoitza kirolari zumarragarrari, baina, halere, saskibaloian jokatzen jarraitu du, eta igandean Endesa Ligan debuta egiteko aukera izango du. Illunben jokatuko du Donostiako taldeak Kataluniako Divina Seguros taldearen aurka, 12:30ean. Xabi Oroz saskibaloi jokalari azkoitiarrak ere talde horretan jokatzen du, eta, beraz, biek elkarrekin jokatzeko aukera izan dezakete igandean. Hasierako bostekoan kantxaratuko da igandean De la Iglesia.
Joan den asteazkenean aurkeztu zuen Delteco Gipuzkoa Basketek Asier de la Iglesia hegal-pibota. Ordizian jokatu du orain arte, eta EBA Ligako jokalari onena izendatu dute. Fitxaketarekin, Delteco Gipuzkoa Basket taldeak eta Asier de la Iglesia jokalariak esklerosi anizkoitzaren inguruko informazioa zabaldu eta ikerketarako dirua bildu nahi dituzte.