Pedro Urdapilleta eta Xabier Artetxe. (Anaitasuna)
Azkoitiko Anaitasuna futbol kluba eta
Xabier Artetxe akordio batera iritsi dira: kontratua 2019ko uztailera arte luzatu diote egungo entrenatzaileari. Beraz, Artetxek zuzenduko du gizonezkoen lehen taldea 2018-2019 denboraldian.
Artetxeren kontratua denboraldi amaieran bukatzen zen, baina entrenatzaileak gizonezkoen lehen taldea gidatzen jarraitzeko erakutsi duen borondatearen ondorioz, eta klubak horrela erabakita, gizonezkoen lehen taldeko entrenatzailea izango da aurrerantzean ere azkoitiarra. Kontratu berritzea dela eta, irribarretsu agertu dira Pedro Urdapilleta presidentea eta Artetxe Txerloiako harmailan.
Hirugarren Mailako 21. jardunaldian hartu zuen entrenatzaile kargua Artetxek, Txerloian, Alaves B taldearen aurka jokatutako partidan. Harrezkero, eta denboraldia amaitu bitartean, 23 puntu batu ditu taldeak Artetxerekin; sei garaipen, bost berdinketa eta zazpi porrot guztira.
Denboraldi honetan ez dute lortu Espainiako Hirugarren Mailari eustea, eta, datorren sasoian,
Erregional Ohorezko Mailan jokatuko du Azkoitiko taldeak.