Asteazkeneko jardueretan parte hartzera animatu ditu herritarrak Azkoitia Lagunkoiak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko mai. 14a, 15:15

Azkoitia herri lagunkoiagoa bilakatzeko helburuarekin, bi saio egingo dituzte asteazkenean: Azkoitia Lagunkoiaren topaketa izango da goizean, eta merkatariei zuzendutako egitasmo bat aurkeztuko dute arratsaldean.

Nekane Plazaola, Nekane Larrañaga eta Joxe Mari Flores. (Argazkia: Ihintza Elustondo) Azkoitia adineko pertsonentzako herri lagunkoiagoa izan dadin, Azkoitia Lagunkoia egitasmoan murgilduta dabiltza azken boladan udala eta hainbat herritar. Hilero bildu ohi da Azkoitia Lagunkoiaren talde eragilea, baina, horrez gain, beste egitasmo batzuk ere badituzte esku artean. Hain zuzen ere, bi jarduera egingo dituzte asteazkenean, maiatzak 16: batetik, Azkoitia Lagunkoiaren topaketa egingo dute goizean, eta, bestetik, merkatariei zuzendutako egitasmo bat aurkeztuko dute arratsaldean. 10:00etan hasiko da Azkoitia Lagunkoiaren topaketa, Elkargunean. Nekane Larrañaga zinegotziaren arabera, topaketa horien helburua da Azkoitia Lagunkoia egitasmoan "herritarren parte hartzea handitzea". Guztira, dozena bat lagunek osatzen dute Azkoitia Lagunkoiaren talde eragilea –horiek elkartzen dira hileroko bileretan–, eta kopuru hori handitzea nahi dute. "Azkoitia Lagunkoiaren inguruan herritarrek beren iritzia ematea nahi dugu, eta herritar guztiak daude topaketara gonbidatuta", erantsi du Larrañagak. Nekane Plazaola da talde eragileko kideetako bat, eta hark azaldu duenez, Azkoitian herritarrak nola bizi diren jakin nahi dute: "Bizilagunekin zer harreman duten, nola izaten duten ekitaldien berri, zer iritzi duten garraioaz...". Haren esanetan, arlo guztien inguruko iritzi bilketa egin nahi dute, zer hobetu daitekeen ikusi eta zer pauso eman daitezkeen aztertzeko. "Azkoitia denontzat herri hobea izatea nahi dugu, batez ere, adinean aurrera doazen horientzat". Joxe Mari Flores ere talde eragileko kidea da, eta hark jendea animatu du asteazkeneko bileran parte hartzera: "Jendea asko kexatzen da, baina kexatuta bakarrik ez da ezer lortzen, eta horiek denak Azkoitia Lagunkoian parte hartzera animatu nahi ditut. Jendeak bere iritzia emateko aukera izango du bileran, eta gero ikusiko dugu ea zer hobekuntza egin daitezkeen". Azkoitia Lagunkoia egitasmoaren barruan inkesta bat banatu zuten iaz, etxez etxe. Guztira, 591 lagunek bete zuten galdetegia, eta horietatik 60 bat lagun azaldu ziren egitasmoan parte hartzeko prest. Inkesta horretako emaitzak badituzte, baina emaitzak sakonago lantzea da asteazkeneko topaketaren helburua. Horregatik, prest agertu ziren herritar horiek guztiak gonbidatu dituzte egitasmoan parte hartzera. "Zenbat eta iritzi gehiago bildu, orduan eta hobeto izango da". Merkatarientzat egitasmoa Arratsaldeko saioa, berriz, Azkoitiko merkatariei zuzendutakoa izango da. Azkoitia Lagunkoia merkataritzara eremura zabaltzeko programa bat martxan jarri nahi dute, eta horren inguruko xehetasunak azalduko dituzte bileran. Adineko pertsonak saltokietara egokitzeko zer egin daitekeen aztertzea da egitasmoaren helburua. Elkargunean izango da bilera, 15:00etatik 16:00etara, eta bertan parte hartzeko deia egin diete herriko merkatariei. Joango diren saltokiek eta enpresek aldez aurretik abisatu behar dute, 608 31 30 24 zenbakira deituta edo herrixen@hotmail.com helbidera idatzita. Egitasmoan parte hartzen duten saltokiek lagunkoitasun zigilua eskuratzeko aukera izango dute.    

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide