Dardara kolektiboak jaialdia antolatu du bere seigarren urteurrenean

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2018ko mai. 11a, 09:51

Lau musika talde arituko dira bihar Torreberriko aterpean, 20:00etatik aurrera. Zumaiako Blowing Soul taldeak eta Zestoako Rodeok joko dute, hurrenez hurren

Dardarako kideak maiatzaren 4an egin zuten bileran. (Juan Luis Romatet) Nola ospatu dezake musika kolektibo batek bere urteurrena kontzertuekin ez bada? Esan eta egin. Zumaiako Dardara kolektiboak antolatuta, musika jaialdia izango da bihar 20:00etan hasita, Torreberri eraikineko aterpean. Hasiera batean, Amaiako plazan egitekoak ziren kontzertuak, baina biharko eguraldi txarra iragarri dutela eta, beste kokapen batean egingo dute. Lau musika talde igoko bihar dira oholtzara: Zumaiako Blowing Soul, "gorputza mugiarazten duen rock -and-roll, soul, funkeroa eginez"; Lizarrako Bide Bakarra, "nafar erara egindako rap metalarekin"; Gasteizko Arenna, beren rock psikodelikoarekin eta «zentzuak kitzikatzen dituen erritmoarekin»; eta, bukatzeko, Zestoako Rodeo stoner-rock taldea, "basamortuaren oihartzunarekin". Definizio koloretsu horiek Dardarako komunikazio taldeko kideek egin dituzte. Berez, kolektiboak urtearen hasieran, otsaila aldera, bete zituen sei urte, baina jaialdia maiatzera arte atzeratzeko erabakia hartu zuten eguraldi hobea izango zutenaren esperoan. Tamalez, udaberri hezea uste baino gehiago luzatu da, eta Amaiako plazatik Torreberriko aterpera eraman behar izan dituzte kontzertuak. Hamazazpi talde Dardara orain sei urte sortu zen "entsegu lokaletan behar bat zegoela ikusita", azaldu du kolektiboko Jon Brakamontek. "Behar bat bazegoen eta hobe zen denok bat egitea elkarte batean, bakoitza bere aldetik ibiltzea baino". Gestioak era komun batean egiteaz gain, kontzertuak eta tailerrak ere antolatu dituzte. "Bere garaian perkusio tailer bat antolatu genuen. Gero, kontzertuen aldetik, gero eta mugimendu handiagoa dago, eta ez rock aldetik bakarrik; azken urteotan musika estilo desberdinetara zabaltzen ari gara". Gaur egun Zumaiako hamazazpi taldek osatzen dute Dardara kolektiboa. "72 persona gaude elkartean, eta, tamalez, emakume bakarra dugu. Pena da! Taldeetan neska gutxi aritzen dira. Espero dezagun aldatuko dela egoera". Seigarren urteurren honek "trantsizio garai" batean harrapatu du Dardara. Zuzendaritza aldaketa izan da eta mugimendu horrekin aldaketak sustatu nahi dituzte. "Aurreko zuzendaritzak lan karga handia hartu zuen bere gain. Nekatuta zeuden, eta aldaketa beharra ere sumatzen zen. Baita jende gaztea erakartzeko beharra ere", adierazi du Aitor Ramos Dardara kolektiboko zuzendaritzako kideak. "Lanak banatu egin ditugu Dardarako kideen artean. Gero, entsegu lokaletako arduradunak izango dira, bai Ubillosen eta bai Uxategian, baita grabazio estudioko arduraduna ere. Komunikazio talde bat ere eratu dugu", gaineratu du Ramosek. Torreberri gaztetxeko musika eskaintza "aktibatzea" ere badago kolektiboaren asmoen artean. "Lehen Euskal Herriko taldeak etortzen ziren. Orain, beste herrialdetako jendea ekartzen ari gara: New Yorkeko talde bat izan genuen, Cadizekoa, Italiakoa... Hilaren 19an Agoraphobia taldea izango dugu gaztetxean; Galiziatik etorritako neska taldea da", nabarmendu du Abraham Larrañagak. "Zabaldu nahian ari gara, ez abangoardia aldera, baina bai eskaintza irekiago bat izateko".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide