Igoera jokoan dute Anaitasunako emakumeek eta Erregionaleko gizonen taldeak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko mai. 9a, 12:42

Bi taldeek Txerloian jokatuko dute asteburuan: zapatuan 18:00etan gizonek, Rotetaren kontra; eta igandean 17:00etan emakumeek, Lagun Onaken kontrako derbia.

Lagun Onaken kontra jokatuko du Anaitasunak igandean, Txerloian. Argazkian, Garmendipen jokatutako derbiaren une bat. (Ihintza Elustondo) Gizonen talde nagusiak maila galdu badu ere, Azkoitiko Anaitasuna futbol klubeko beste bi taldek mailaz igotzeko aukera jokoan dute denboraldiaren azken txanpan, eta biek garrantzia handiko partidak jokatuko dituzte asteburuan, etxean. Emakumezkoen Euskal Ligara igotzeko aukerak ditu Anaitasunak. Liga bukatzeko hiru partida gelditzen zaizkie eta, une honetan, sailkapeneko bigarren tokian daude, Eibar liderrarengandik puntu bakarrera. Hiru partida horietatik bi jokatuko ditu etxean Joxepe Santizok, Jokin Landak eta Eneko Aizpuruk zuzentzen duen taldeak: igandean, 17:00etan, Lagun Onaken kontrako derbia izango dute Txerloian; eta bi aste barru, maiatzeko azken asteburuan, Eibar hartuko dute, erabakiorra izan daitekeen azken neurketan. Tartean, Intxaurdiren zelaian jokatuko dute Azkoitikoek. Erregionaleko Lehen Mailako gizonezkoen taldeak, berriz, zapatuan bertan lor dezake igoera. Rotetaren kontra jokatuko dute Txerloian German Zabaleta, Iker Larrar eta Kaiet Arce entrenatzaileen gizonek, 18:00etan; eta, irabazten badute, mailaz igotzea lortuko dute. Zapatukoa ligako azkenaurreko jardunaldiko partida izango da, eta une honetan sailkapenean bigarren dago Anaitasuna, Roteta baino bi puntu gehiagorekin. Lehen bi sailkatuak zuzenean igoko dira mailaz.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide