Zaletu gazteekin argazkia atera dute Anaitasunakoek partida hasi aurretik. (Anaitasuna)
Zaila zen, eta ezinezkoa izan da, azkenean. Anaitasuna futbol klubaren gizonezkoen talde nagusiak ez du datorren denboraldian Espainiako Hirugarren Mailan jokatuko. Gaur Txerloian Getxori irabazi arren (1-0, Iñigo Arzalluzek 8. minutuan sartutako golarekin), derrigorrezkoak zituen hiru puntuak ez ditu nahikoak izan Xabier Artetxeren taldeak mailari eusteko borrokan jarraitzeko. Izan ere, aukera guztiak ez zituen bere esku Anaitasunak. Ligako azkenaurreko jardunaldira iritsita, bere partida irabazteaz gain, Bermeok galtzea behar zuen talde gorriak; eta Bermeok irabazi egin dio Zamudiori, 2-0. Horrenbestez, Bermeokoek lortu dute maila ziurtatzea, Azkoitikoen kaltetan.
Etxeko azken neurketa jokatu du Anaitasunak gaur. Asko zuten jokoan eta zaletuek ez diote hutsik egin, baina agurra ez da izan nahi bezain gozoa. "Eskerrik asko gaur eta denboraldi guztian zehar Txerloira etorri zareten zale guztioi! Ezin izan diogu mailari eutsi, baina argi dugu, itzuliko gara!", idatzi dute klubaren Twitter kontuan, "horrelako egunak ez dira samurrak inorentzat, baina Anaitasunak gora egin du erori den bakoitzean, eta ziur gaude berriz ere altxatuko garela" gaineratuta. Azken txanpa gogorrean arerio zuzena izan duen Bermeo ere zoriondu du Azkoitiko klubak.
Aurreko sasoian lortu zuen Anaitasunak
Hirugarren Mailara igotzea; denboraldi bat bertan lehiatu ondoren, Erregional Ohorezko Mailan jokatuko du berriro 2018-2019 denboraldia. Datorren astean, ligaren azken jardunaldian, Santurtziren zelaian jokatuko du Azkoitiko futbol taldeak.