ARGAZKI BILDUMA: Horma irudia egin du Udane Juaristik Hospitalet de Llobregaten, Contorno Urbano proiektuaren barruan

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko mai. 3a, 18:07

Ez dago geldirik egoteko Udane Juaristi artista azkoitiarra. Izan ere, Contorno Urbano proiektuan parte hartu du, Hospitalet de Llobregaten (Katalunia). Hamabi artista ari dira proiektuan parte hartzen; tartean, azkoitiar margolaria. Juaristi lehiaketara aurkeztu zen beste ehun bat lagunekin batera, eta herri horretan muralak margotzeko hamabi lagun hautatu zituen epaimahaiak. Aukeratutako hamabi artista horietako bakoitzak urteko hilabete batean, astebeteko epearekin, egin beharko du horma irudia Hospitalet de Llobregateko horma batean. Juaristiri maiatza egokitu zitzaion irudia gauzatzeko, eta aste honetan egin du bost metro luzeko eta hamar metro zabaleko horma irudia. Astelehenean hasi zen lanean, eta gaur bukatuko du irudia. Margolana egin duen horma metroaren irteera baten ondoan dago, eta mutil baten irudia margotu du bertan. Juaristik koloreei eta argiari eman die garrantzia horma irudian; izan ere, bi ezaugarri horiek ari da lantzen, batez ere, gaur egun. Azkoitiarra "gustura" da Contorno Urbano lehiaketan parte hartu duelako, halako dimentsioetan osatu duen aurreneko lana baita egin berri duena. "Horrelako egitasmoek artea jendearengana gerturatzen langutzen dute", azaldu du. "Arte galerietatik kanpo, jendearen eskura jartzen da artea horrelako ekimenekin". Hona hemen Hospitalet de Llobregaten egin duen horma irudiaren argazkiak: Joan zen apirilaren 15ean Pinta Malasaña jaialdian parte hartu zuen Juaristik. Ehun artista aukeratu eta gonbidatu zituzten Madrilgo auzo horretara jaialdiaren antolatzaileek, eta tabernetako eta saltokietako ateak eta leihoak margotu zituzten.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide