Anaitasunaren etxeko azken partida ikusteko sarrera doan izango da

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko mai. 2a, 12:13

Azkoitiko futbol klubeko Espainiako Hirugarren Mailako taldeak etxeko azken partida jokatuko du larunbatean, Getxoren aurka, 18:30ean, Txerloian. Gorriz jantzita joateko deia egin diete klubeko ordezkariek zaleei. Taldeko jokalariekin argazkia ateratzeko aukera izango dute gaztetxoek.

Anaitasunaren eta Somorrostroren arteko partidako irudi bat. (Anaitasuna) Azkoitiko Anaitasuna futbol klubeko gizonen lehen taldeak 2017-2018 denboraldiko etxeko azken partida jokatuko du datorren zapatuan, maiatzak 5. Taldeak mailari eusteko borrokan jarraitzen du, joan den larunbatean Somorrostroren kontrako partidan hiru puntu lortuta. Maila galduta duen Getxo hartuko dute Txerloian Xabier Artetxeren mutilek, eta partida horretarako sarrera doan izango da. Klubak dei egiten die zaleei Txerloira kamiseta gorriarekin joateko. Zapatuko neurketa 18:30ean hasiko da. Igoera faseko postuetan sartzeko aukera edo maila galtzeko aukera duten talde guztiek bateratutako ordutegian jokatu beharko dute, Euskadiko Futbol Federazioak horrela erabakita. Beraz, aurtengo etxeko azken norgehiagoka arrazoi horregatik hasiko da 18:30ean. Argazkia Gorrixekin, azkeneko aldiz Getxoren aurkako partidan, Argazkia Gorrixekin egitasmoa egingo du Anaitasunak. Hain zuzen ere, 3 eta 12 urte bitarteko neskek eta mutilek hamaikakoan izango diren jokalariekin argazkia aterako dute zelaian bertan. Azken partida denez, argazkian parte hartzeko ez dago izena eman beharrik. Haurrak ez dira zelairatuko jokalariekin batera; Txerloiako berdegunean itxarongo diete jokalariei. Ekitaldian parte hartu nahi duenak, Txerloian egon beharko du 18:15erako, eta Argazkia Gorrixekin antolatzen duten klubeko arduradunei jakinarazi beharko die. Jokalariak beroketa lanak egin eta aldageletara sartzen direnean, umeak zelaira sartuko dira. Ondoren egingo dute argazkia, guztiek elkarrekin. Argazkia egindakoan, entrenatzaileak eta aulkiko jokalariak agurtuko dituzte. Mailari eusteko lanak Denboraldia bukatzeko bi jardunaldi falta zaizkio Anaitasunari, eta mailari eusteko postua lau puntura dauka. Getxo sailkapenean Anaitasunaren atzetik da, lau puntu gutxiagorekin -28 ditu-. Azkoitiko taldeak derrigor irabazi behar du datorren asteburuko partida; izan ere, berdinketak ere ez dio balio izango mailari eusteko. Anaitasunak irabazita ere, Bermeok galdu edo berdindu egin behar du, Azkoitiko taldea denboraldiko azken neurketara mailari eusteko aukerekin irits dadin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide