Instalakuntza Duinak Orain taldeari babesa adierazteko argazkia. (IDO)
Igeriketako Gipuzkoako Udaberriko Ligaren bigarren jardunaldia jokatu zen herenegun Azkoitian, eta bertan parte hartu zuten klubek, igerilariek eta epaileek bat egin zuten herriko Instalakuntza Duinak Orain (IDO) taldearen eskaerak babesteko; goiko argazki jendetsua atera zuten, horren adierazle.
Igerilekuak berritzeko diru laguntzak jaso dituzten bost herritako ordezkariak zeuden tartean: Legazpi, Elgoibar, Urretxu, Arrasate eta Oñati. "Oso aberasgarria izan da inguruko herriekin hitz egin eta esperientziak partekatzea", azaldu du IDOk. Oñatiko
ordezkariekin hitz egiteko aukera izan zutela nabarmendu dute IDOkoek. "Oñatiko herriaren kasuan, igerilekua handitzeko beharra kiroldegian egin zuten galdetegi baten ondorioz jasotako datuen bitartez ikusi zuten, arazoa lehenagotik aurreikusi arren". Oñatiarrek azaldu zieten azkoitiarrei kiroldegia berritzeko lanak prestatzen ari direla orain; lanak hurrengo urteko maiatzean hastea aurreikusten dute. "Gipuzkoako Foru Aldundiak 453.920 euroko diru laguntza eman dio Oñatiri berritze lanetarako; guztira, lanen kostua 3.500.000 euro ingurukoa izango da. Hobekuntzen artean, igerilekua handituko dute; gaur egun bost kale ditu, eta zortzi kale izatera pasatuko litzateke".
Azkoitian ere hurrengo pausoa proiektua gauzatzea izango dela gogoratu du IDOk, eta horren eta obraren zuzenketaren kostua 140.000 eurokoa izango dela. Martxoaren 7an udalean IDOko taldekideek izan zuten bileran "hurrengo urteko aurrekontuetan agian diru koputu hori sartzea egongo dela adierazi" zieten udal ordezkariek. "Proiektua finantzatzeko laguntzak ere bilatu beharko dira. Horretarako, aldundiarekin kontaktuan jartzea aurreikusten dute IDOk eta udalak", diote, eta "oraindik aurretik sukalde lan handia dagoela".