(Anaitasuna)
Anaitasunako gizonen lehen taldeak mailari eusteko borrokan jarraitzen du, zapatuan Somorrostroren kontrako partidan hiru puntu lortuta. Muskizko El Malecon futbol zelaian jokatu zuen Azkoitiko taldeak Espainiako Hirugarren Mailari eusteko hil ala biziko partida, eta 2 eta 3ko garaipenak eta Bermeoren porrotak ahalbidetu dio Anaitasunari beste astebetez lehian bizirik jarraitzea.
Denboraldia bukatzeko bi jardunaldi falta dira, eta mailari eusteko postua lau puntura dauka Anaitasunak. Datorren asteburuan ligako norgehiagoka guztiak zapatuan izango dira, 18:30ean, eta Azkoitiko taldeak Txerloian jokatuko du partida, Getxoren aurka. Getxo sailkapenean Anaitasunaren atzetik da, lau puntu gutxiagorekin -28 ditu-. Azkoitiko taldeak derrigor irabazi behar du datorren asteburuko partida; izan ere, berdinketak ere ez dio balio izango mailari eusteko. Anaitasunak irabazita ere, Bermeok galdu edo berdindu egin behar du, Azkoitiko taldea denboraldiko azken neurketara mailari eusteko aukerekin irits dadin.