Floreagako bizilagunak, Azkoitiko udaletxean sinadurak aurkezten. (Ihintza Elustondo)
Azkoitiko Floreaga auzoko bizilagunak
sinadurak biltzen hasi ziren joan den apirilaren 10ean, auzoan irisgarritasuna bermatzea eskatzeko, eta gaur jakinarazi dutenez, 720 lagunek sinatu dute eskaera hori jasotzen duen agiria. 720 lagun horietatik 681 auzoko bizilagunak dira, eta gainontzeko 39 lan edo familia arrazoiak tarteko auzora egunero joaten direnak. Floreagan, 15 urtetik gorako 821 pertsona bizi dira, eta sinadura bilketa sustatu dutenen esanetan,"oso kopuru esanguratsua da" agiria sinatu dutenenena. Hamar egunetan bildu dituzte sinadurak, eta Floreagako bizilagunen arabera, "oso jende gutxik" egin dio uko agiria sinatzeari. Gaineratu dute epe horretan ezin izan dutela auzoko bizilagun batzuekin harremanetan jarri. Gaur, Azkoitiko Udalean aurkeztu dituzte bildutako sinadurak.
Bi eskari aurkeztu dituzte udalean: batetik, eskatu dute irtenbide teknikoen, kostuen, finantzazioaren eta diru laguntzen inguruko azterketa bat egitea aurtengo urtean; eta, bestetik, udalak gaiari lotuta ematen dituen pauso guztien inguruko informazioa jasotzea nahiz beraiek ere prozesu horretan parte hartzea. "Ez dugu eskatzen biharko arazo guztia konponduta izatea, baina bai gaia modu serio batean lantzen hastea. Gizagabea da egoera honekin jarraitzea", azaldu dute batzordeko kideek.
Floreagako bizilagunek "kezka" azaldu dute, 2015erako eraikia izan behar zuen igogailuaren proiektua bertan behera utzi zuelako udalak eta badirudielako "arazoa desagertu" egin dela erakundearentzat. Horrez gain, azaldu dute udalak auzoan egingo dituzten obren inguruko eskema bat ezarri duela Floreagako eskaratze bakoitzean. "Argiteria, ur zikinen sarea, espaloiak... hobetzen gastatuko duten diru kopurua zehaztu dute". Batzordeko kideek "txalotu" egiten dute inbertsio hori, baina ez dute uste arazoaren muinera jotzen duenik. "Lan horiekin auzoa hobetuko da, noski, baina irisgarritasunaren arazoa ez da horrela konponduko".
Bestalde, alkatearekin biltzea eskatu dute Floreagako bizilagunek. Hain justu, gaur udalean aurkeztutako 720 sinaduren eta sinadura horien atzean dagoen eskariaren inguruan hitz egin nahi dute Javier Zubizarretarekin.
Floreagan irisgarritasuna bermatzea eskatzen duen batzordeko kideak. (I. Elustondo)