Gotzon Enbil kiroletako zinegotzia, Marisol Garmendia diputatua eta Oier Korta alkatea. (Juan Luis Romatet)
Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun Sailak eta Zumaiako Udalak elkarlanean antolatuta, bizikletan ibiltzen ikasteko ikastaro labur bat egingo dute herrian. Ikastaro hau 18 urtetik gorako pertsonei zuzenduta dago eta bi asteburutan egingo da; maiatzaren 26an eta 27an, eta ekainaren 2an eta 3an, hain zuzen ere. Saioak Zumaiako Herri Eskolako patioan egingo dira, eta izen-ematea zabalik dago jada Lubaki kiroldegian. Jarduera doan izango da.
Hirugarren urtez antolatuko ditu aldundiak mota honetako ikastaroak. Aurrez, Errenterian eta Eibarren egin dira, «emaitza oso onekin», azaldu zuen Marisol Garmendia Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako diputatuak atzo goizean egindako aurkezpen ekitaldian. Berekin batera izan zen Oier Korta Zumaiako alkatea. Zumaian egingo diren saioak aurtengo lehenak izango direla ere adierazi zuen, baina ez dute baztertzen aldunditik ikastaro gehiago antolatzea.
18 urtetik gorako pertsona orori zuzenduta badago ere, berez, adineko jendearentzat pentsatuta antolatu dute. «Adineko askok ezin izan dute bizikletan ibiltzen ikasi, edo urteak daramatzate bizikleta batean ibili gabe, eta horrek segurtasun arazoak sortzen dizkiete», gogoratu zuen Garmendiak. Bizikletan ibiltzea jarduera osasuntsua dela adierazi zuten ekitaldian zehar diputatuak eta alkateak. «Mugikortasun iraunkorra sustatzeko ekintza ona da bizikletan ibiltzea. Ez ditugu bizikletan ibiltzeak sortzen dituen onurak ezagutzen. Oinez edo autoz ibiltzen gara gehienbat. Bizikleta, berriz, gailu erosoa eta iraunkorra da. Gure ingurunea, gainera, egokia da horretarako. Gurea baino leku euritsuagoetan arrakasta badu, hemen zergatik ez du izango», nabarmendu zuen Kortak.
Informazioa
Zumaian maiatzaren amaieran eta ekainaren hasieran egingo dute ikastaroa, Zumaiako Herri Eskolako patioan. Euria egingo balu, eskola bertako frontoian egiteko aukera egongo litzateke. Saioak Gurpilartea elkarteak eskainiko ditu, eta, bertan, bizikleta gainean ibiltzen erakusteaz gain, bizikleta mantentzeko oinarrizko irakaspenak emango dira, eta baita bide segurtasunerako eta zirkulazio zein bizikidetza arauetarako elementuak eta gomendioak ere.
Hori guztiaz gain, parte hartzaileek Energiaren Euskal Erakundeak utzitako bizikleta elektrikoak probatzeko aukera ere izango dute.
Izena Lubaki kiroldegian eman ahal izango da, maiatzaren 25era arte, eta doan izango da. Ikastaroaren inguruko informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero, info@lubaki.eus helbide elektronikora mezua bidal daiteke.
Ikastaroa Bizikletaren Plan Estrategikoko ekintzetan kokatzen da, eta Gipuzkoako Bizikletaren Kontseiluak babesten du.