Ekainaren 10eko giza katean izena emateko aukera izango da bihar, Azkoitian

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2018ko api. 25a, 12:35

Aste honetan, ez dute larunbatean jarriko mahaia Gure Esku Dagoko kideek, ostegunean baizik. Aurrerantzean, ostegunetan eta larunbatetan izango da izena emateko aukera, eliz atarian.

Gure Esku Dagoren giza katearen aurkezpena Azkoitian. (Julene Frantzesena) Azkoitian ere ekainaren 10eko giza katearen antolakuntzan murgilduta daude, eta Gure Esku Dagoren ordezkariak buru-belarri ari dira lanean dena aurreikusita bezala irten dadin. Zabalik dago giza-katerako izen ematea; orain arte zapatuetan jartzen zuten horretarako mahaia eliz atarian, baina aste honetan, ostegunean jarriko dute –pintxo pote garaian– eta ez larunbatean. Datorren astetik aurrera, berriz, ostegunetan nahiz zapatuetan jarriko dute mahaia eliz atarian; larunbatetan 11:00etatik 13:30 arte egongo dira, eta ostegunetan pintxo pote garaian. Herritarrei izena "lehenbailehen" emateko deia egin diete taldeko kideek. Bost euro ordaindu beharko da izen-ematea, eta trukean Gure Esku Dagoren zapia jasoko dute herritarrek. Izan ere, horiek zapiekin osatuko dute giza katea ekainaren 10ean. Gainera, mahai horretan Gure Esku Dagoren elastiko berriak ere salduko dituzte hamar euroren trukean.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide